Oñatiko Foruen plaza

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 1a, 20:40

Oñatiko Foruen plaza.

XVIII. mendeko egitura du, hau da, parrokia eta udaletxea alde banatan eta aberatsenen jauregiak inguruan.

Santa Marina plaza izan zen Oñatiko gunerik inportanteena XVIII. mendera arte. Han elkartzen ziren merkatariak euren negozioak egiteko. Orduan ez zegoen udaletxerik herrietan. “Merkatuan egiten ez ziren negozioak edo tratuak etxeetan egiten ziren. Normalean, aberatsenen etxeetan. Batzuetan, elizan ere bai”, esan du Jose Antonio Azpiazuk.

Gune nagusia

Bada, XVIII. mendekoa da Oñatiko udaletxea, eta baita haren inguruan egindako etxebizitza nagusiak ere. Udaletxea eraiki zenean, Foruen plazak hartu zuen indarra merkatarien eta herritarren artean. “Botere zibila botere erlijiosotik aldentzen hasi zen garai hartan. Horren ondorioz, baliabide ekonomiko handieneko hiribildu eta herrietan udaletxeak eraiki ziren, udalerriko premia berriei bertatik erantzuteko eta, bide batez, botere erlijiosotik libre geratzeko”, esan du Azpiazuk.

Hiru aldekoa

Udaletxea eta San Migel parrokia alde banatan eta aberatsenen etxeak inguruan. “Donostiako eta Bilboko plazak karratuak dira, baina Oñatikoak arkupeak dituen hiru alde ditu. Laugarrenean lazarragatarren etxeko lurrak zeuden. Gaur egun lorategia eta pilotalekua dauden lekuan. Aloñaren ikuspegi zoragarria dago plaza erditik”.

Plazaren hiru aldeetan arkupeak daude eta laugarrenean lorategia

Herriko gune nagusienaren inguruan herriko familia onenen etxebizitzak eta jauregiak zeuden: Hernani etxea, Zumeltzegi dorrea, lazarragatarren etxea... “Familia horietako batzuk Ameriketan egon ziren eta aberastu ostean herrira itzuli ziren”, gogora ekarri du Azpiazuk.

Gainera, Foruen plazak egun duen itxura ez da XVI. mendean zuenaren berbera. Orduan, parrokiaren absidea bistan zegoen, eta ezkutatu egin zuten etxebizitzak egiteko. Segituan eman zion erantzuna botere erlijiosoak erabaki hari: kanpandorrea egin zioten parrokiari. “Botere erlijiosoak erakutsi gura izan zuen indarra bazuela. Botere zibilari argi utzi zion nahi zituen erabakiak hartzeko ahalmena bazuela”, adierazi du historialariak.

Parrokia hareharriz egin zuten eta kanpandorrea, berriz, kareharriz.

Udaletxea Foruen plazan dago. Argazkia: Oñati.eus

Absidea ezkutatuta

Udaletxea eta parrokia ziren herriko gune nagusiena markatzen zutenak. Bien artean –egun oinezkoendako gunea den lekua– baratzeak zeuden eta erditik erreka pasatzen zen. “Errekaldetik zetorren errekak eta Arantzazu aldetik zetorrenak bat egiten zuten parrokiako klaustroaren azpian. Erreka horiek lurperatu egin ziren”, azpimarratu du.

Parrokiako absidea ezkutatzen duten etxeak eraiki zituztenean, udaletxea geratu zen Foruen plazako erreferentzia nagusi moduan.

Eraikin zorrotzak

Adituen ustez, garai hartako udaletxeak latzak eta zorrotzak ziren kanpotik. Berezkoak zituzten ezaugarriekin: oinplano aglomeratua eta patiorik gabekoa, beheko solairua arkuduna, lehenengoan batzar aretoa eta balkoi luzea, fatxada nagusiaren goiko partean armarria –oñatiarren kasuan ganboatarren eta oinaztarraren arteko lehiari erreferentzia egiten diona– eta hegal zabaleko teilatua. Oñatikoa Gipuzkoako rokoko estiloko arkitektura zibilaren adibiderik garbiena da. “Barrokoaren joera bat da rokokoa. Luis XV.aren garaian asko erabili zen Versallesko Jauregian. Landare-itxurako eta maskorren irudiak erreproduzitzen dituzten apaingarri asko ditu. Oñatikoaz gain, Arrasatekoa ere rokoko estilokoa da; eta, neurri apalagoan, Elgoibarkoa eta Alegiakoa ere bai”, azaldu du. Martin Carrera arkitektoa Donostiakoan inspiratu zen Oñatikoa egiteko.

Gipuzkoako rokoko estiloko arkitektura zibilaren adibiderik garbiena da

Erreketen ondorioak bistan

Urte hauetan guztietan apenas izan du aldaketarik Oñatiko udaletxeak, baina eraiki zen garaiko arrasto batzuk mantentzen ditu. “Karlistaldi garaian borroka handiak eta gogorrak egon ziren. Leherketek eragindako erreketak eta zauriak ikus daitezke erdiko solairuko lurrean, eskailera ondoan, osoko bilkuren aretoaren sarreran”.

Bestalde, erdiko solairutik lehenengo solairura doan eskaileran, fosilen bat edo beste ikus daiteke.

Konposizio ederra dauka Foruen plazak. XVIII. mendean botere zibilaren eta erlijiosoaren artean zegoen tirabiraren lekuko dena. “Bi botereen adierazle diren eraikin nagusienak daude plazan. Herriaren erdian. Parrokia eta udaletxea, hurrenez hurren”, azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak