Pintada gaitzetsi eta adierazpen askatasuna eskatu dute jeltzaleek uztaileko osoko bilkuran

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko uzt. 28a, 11:43
Uztailaren 23an egindako ohiko osoko bilkuran.

Jose Mari Agirre herritarraren etxe ondoko horman agertu den pintadaren harira hitza hartu zuten zinegotzi jeltzaleek galde erreguen tartean, eta adierazpen askatasuna eskatu.

Galde erreguen tartean Amaia Erostarbe zinegotzi jeltzaleak hartu zuen hitza eta uztailaren hasieran Jose Mari Agirreren etxe ondoko paretan agertu zen Jose Mari bertsolari pintadaren harira prestatutako testu idatzi bat irakurri zuen. Agirrek GOIENA aldizkarian uztailaren 3an argitaratutako gutunaren erantzun moduan ulertzen du pintada Erostarbek, eta ekintza hori zertarako zen galdetu zuen; "beldurrarazteko ematen du izan dela", adierazi zuen eta "adierazpen askatasuna aldarrikatuko dugu borroka ideologikoaren erreinuan. Oñatin ere bai. Adierazpen askatasuna beti, beti", gaineratu. Horrekin batera, eskutitz hari erantzunez GOIENA aldizkarian uztailaren 10ean argitaratuko gutuna "oso gogorra, ankerra, gupidagabea eta bortitza" izan zela irakurri zuen Erostarbek eta "hark badu adierazpen askatasuna, inork ez dio pintadarik egin" gaineratu.

Pintari buruz, 24 ordu baino gehiago egon zela esan zuen Erostarbek: "Hiru aldiz deitu genion alkateari EAJko hiru zinegotzik kentzeko eskatuz. Domeka goizean kendu zuten. Mila esker". Horri erantzunez, "ohiko prozedura moduan" tratatu zela erantzun zion alkateak, Izaro Elorzak.

EAJren bozeramaileak, Ainhoa Galdosek, babesa eskaini zion Agirreri eta bere familiari eta "adierazpen askatasuna eta errespetua gura gizartean behar beharrezkoak" direla esan zuen. Marijo Etxegoien zinegotzi jeltzaleak ere hartu zuen hitza tarte horretan. Hark ere pintada gaitzetsi zuen, hunkituta, eta adierazpen askatasuna eskatu: "Hori da Oñatin gura dugun eredua? Izan dadila azkena".

Gurasotasun baimena eta mozioa

Ia ordu erdi iraun zuen uztaileko osoko bilkuran, aho batez onartu zuten Eudelek eginiko gurasotasun baimena onartzeko proposamena, 2021ean hamasei astetik hemezortzira pasatzekoa. Aldiz, Gipuzkoako Senideak elkarteak aurkeztutako mozioan aurkako botoa eman zuten jeltzaleek, puntu batzuekin ados egon arren. Gaia mozio moduan sartzea ez zuten ondo ikusi jeltzaleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak