Madalenako ermita, San Frantzisko Borjakoaren testigu

Jone Olabarria 2020ko uzt. 27a, 15:28

San Frantzisko Borjakoak oñatiko Santxolopetegi auzoko ermitan eman zituen bi urte, 1551n eta 1552an.

Duke santua bezala ezagutu izan dute Oñatin mendeetan zehar. Karlos V.a enperadorearen gor-tea utzi eta Jesusen Konpainian sartu zen Frantzisko Borjakoari deitu izan zaio horrela. Alejandro VI.a aita santuaren eta Fernando katolikoaren birbiloba, Gandiako dukea, Llombayko markesa eta Kataluniako erregeordea, duela 505 urte jaio zen; zehazki, 1510eko urriaren 28an. 1551n eta 1552an Oñatiko Madalena auzoko ermitan egon zen gerora santu egingo zuten borjatar noblea.

Karlos V.aren gortean hainbat eginkizun izan zituen Frantzisko Borjakoak: “Adibidez, kortsarioen kontra egin zuen eta mundu zabalean ibili zen lan horretan”, dio historialari oñatiar Jose Antonio Azpiazuk.

Konbertsioa

Gertakari batek bultzatu zuen Frantzisko Borjakoa gortea utzi eta jesuita bihurtzera. “Karlos V.a enperadorearen emazte Portugalgo Isabel hil zenean, enperadoreak hilotza Granadara eroateko eginkizuna ipini zion Frantzisko Borjakoari. Portugalgo Isabel hil eta bost egunera iritsi ziren Granadara, eta gorpua usteltzen hasita zegoela ikusteak sekulako erasana eragin zion borjatarrari. Gertakari hark gorteetako bizimodua utzi eta Loiolako Inazioren konpainian sartzera bultzatu zuen”, dio Azpiazuk.

Oñatira

Nobleziako kidea jesuita sartzeak jendartean sortuko zuen eztanda saihesteko, Loiolako Inaziok Erroma uzteko aholkua eman zion, eta, isilean, Euskal Herrira egin zuen, Oñatira. Oñatiko Santxolopetegi auzoko Madalena ermitan eman zituen bi urte, artean Frantzisko Borjakoa zela. Santu XVII. mendean egin baitzuten eta Euskal Herrian 1551. eta 1552. urte bitartean egon baitzen.

Madalenako ermitak eta Santxolopetegi eta Garibai auzoek bizi-bizirik mantendu dute duke santuaren irudia; horren adierazle, oraindik ere auzoan kontatzen diren istorioak eta ermitak gordetzen dituen erlikiak.

Irudi ugari

Madalenako ermitan santu egin ondorengo bere hainbat irudi daude: bat erretaula nagusiaren gainaldean eta bestea bere oratorioa izan zen gelan. San Frantzisko Borjakoa eskuetan burezurra duela irudikatzen da –eskuetan bure-zurra edukitzeak erreferentzia egiten dio Portugalgo Isabelen heriotzaren gertakariari–: “Oñatin, gutxienez, San Frantzisko Borjakoaren lau irudi daude: bi Madalenan, bat San Migel parrokian eta beste bat San Lorentzoko ermitan”, dio historialari Jerardo Elortzak.

Gaur egun erretaula nagusian San Frantzisko Borjakoaren irudia dagoen tokian, Maria Magdalenaren irudia zegoen lehen eta hain zuzen ere, hari otoitz egiten zion Frantzisko Borjakoak bertan bizi izan zen denboran. Maria Magdalenaren jatorrizko irudia Donostian dago, baina Madalenako ermitan haren erreplika bat gordetzen da eta irudiaren azpian San Frantzisko Borjakoari erreferentzia egiten dion idatzi bat dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak