Oñatiko Hernani etxean, unibertsitatearen lehen pausoak

Jone Olabarria 2020ko uzt. 27a, 15:25

XVI. mendeko etxe-jauregia da Hernani etxea eta unibertsitateko lehenengo eskolak han eman zituzten.

Oñatiko San Migel parrokiaren aurrealdean dago. Horrek esan nahi du garai hartako hernanitarrek zuten boterea handia zela. Hau da, parrokiaren alde batera lazarragatarren jauregia dago, dukearen etxea. Beste aldean, aldiz, Hernani etxea.

Unibertsitateko eskolak

XVI. mendeko etxe ederra da Hernani. Hiru solairu dauzka, lehenengoan eta bigarrenean balkoiak ditu eta portadan ate bikoitza. Etxaurreak bi kaleetara ematen du. Esan bezala, aipagarria da etxearen kokalekua. Parrokiaren aurrealdean dago, baina baita unibertsitatearen alboan ere. Hori horrela, unibertsitateko lehenengo eskolak eraikin horretan eman zituzten; izan ere, unibertsitatea amaitu barik zegoen. “1542-1552 urte bitartean eraiki zuten unibertsitatea, baina klaseak aurretik hasita zeuden Hernani etxea izeneko jauregian”, azaldu du Jose Antonio Azpiazu historialariak.

Merkatari familia

Hernani etxean bizi zen Juan Ibañez Hernani. Familia onekoa zen, merkataria, ziurrenik, Azpiazuk azaldu duen moduan. “Ameriketara joan zen XVI. mende hasieran; eta, orduan, atlantikoa zeharkatzen zuten guztiek egiten zuten moduan, testamentua egin zuen. Ameriketako aurkikuntza gertatu eta urte gutxira joan zen Ameriketara. Han, dirutza egin zuen. Bada, Ameriketatik bueltan zetorrela hil egin zen Ibañez Hernani”, dio Azpiazuk.

Hala, testamentua eginda zuenez, haren nahiak bete ziren. “Testamentuaren arabera, fundazio bat sortu zuten doterik ez zuten emakume umezurtzak ezkontzeko”, azaldu du Azpiazuk. “Batez ere, familia inguruko neskak izaten ziren. Ezkontzeko dirurik ez zutenei ezkontzeko aukera ematea zen asmoa”, gaineratu du. “Hala, fundazioaren ondorengo arduradun batek zera esan zuen: ‘Edonori ematen diote dirua, baita Araban bizi diren klerikoen alabei ere!”.

Gatibuen fundazioa

Fundazio horrez gain, beste fundazio bat ere sortu zuten, testamentuari jarraiki. Gatibuen erreskaterako fundazioa izan zen sortu zuen bigarren hori. “Afrikatik, Turkia aldetik piratak etortzen ziren lapurretan egitera”, dio. “Barkuak eta merkatariak bahitzera etortzen ziren”, gaineratu du Azpiazuk. Martin Lopez de Isasik, adibidez, dirua eskatu zuen gatibu zegoen ezagun bat erreskatatzeko. XVII. mendean, fundazioa oraindik martxan zegoen.

Amann familia

Hernani etxea Amann familiaren esku egon izan da urte askoan; izan ere, 1950ean Oñatiko Urtzelai fami-liak Jose Maria Amanni etxea erosi zion, eta gaur egun beste batzuk dira jabeak. Hori dela eta, herritar askok Hernani etxea moduan izan beharrean Amannena moduan ezagutzen dute eraikin hori.

Amann familia Bilboko fami-ia aberats bat zen. Jatorriz alemaniarrak ziren amanndarrak. Bilbon hainbat komertzio zituzten, eta hori izan zen euren ogibidea urte askoan. Amann familiarekin lotuta badago bitxikeria bat: Amann eta Almunia familiek bat egiten dute. Jose Maria Amannen alaba, Maria Begoña Amann, Joaquin Almunia politikari sozialistaren ama da. Politikaria Bilbon jaio zen –1948an–, eta Oñatin egon izan da behin baino gehiagotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak