Berpizkunde garaiko eraikinik garrantzitsuenetariko bat da Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea. Rodrigo Mercado Zua-zola oñatiar apezpikuak fundatua, 1551tik 1901era arte egon zen jardunean. Filosofia eta Teologia ikasketak izan ziren unibertsitatean eman ziren ikasketa nagusiak, eta, hain zuzen ere, hori irudikatzen dute unibertsitatearen ate nagusiaren alde banatan dauden San Jeronimoren eta San Agustinen irudiek. Bi ikasketa nagusi horiez gain, baina, unibertsitatean Legeak, Letrak eta Medikuntza ere irakasten zituzten. Bada, azken ikasketa horien bitartez heldu zen gerora herrirako horren esanguratsua izan den txokolatea.
Txokolatea
Izan ere, medikuntzako ikasketetan, sendagaiak goxatzeko txokolatea erabiltzen zuten: “Botikekin eta belarrekin batera, pastillak egiteko txokolatea erabiltzen zuten. Zaporea goxatzeko helburuarekin. Horrela sartu zen kakaoa Oñatira”, dio Edurne Urteagak, Oñatiko Turismo Bulegoko langileak.
Ikasketak etxetik gertu
Esan bezala, Rodrigo Mercado Zuazola oñatiar apezpikuak fundatu zuen unibertsitatea. Prestakuntza handiko humanista, Salamancan eta Valentzian egin zituen ikasketak. “Hark urrun joan behar izan zuen ikastera eta ondorengoei etxetik gertu ikasteko aukera eskaini gura izan zien”, dio Urteagak. Mercado Zuazolak hainbat lanbidetan ateratako diruarekin egin zuen unibertsitatea. Izan ere, garai hartan garrantzi handikoak ziren karguak bete zituen: Avilako eta Mallorcako apezpiku izan zen, Nafarroako erregeorde, Granadako kantzilertzako presidente, errege kontseilari eta Cisneros kardinalaren lagun, besteak beste.
Harginak
Zortzi urtez aritu ziren langileak unibertsitatea eraikitzeko lanetan Mercado Zuazolak aginduta. Horien artean, asko harginak ziren. Bada, gaur egun ere, harriek gordetzen dituzte haien arrastoak: “Harria lantzen zutenek markak egin behar izaten zituzten harrietan, egun hartan han egon zirela frogatu eta zegokiena kobratzeko. Gaur egun ere, orduko marka asko gordetzen dira bertan”. Badira gurutze formakoak eta baita harginaren abizena daramatenak ere.
Sabaia
Oñatiko unibertsitatean asko dira nabarmentzekoak, baina berezienetako bat da egurrean egindako sabai bat. Cristobal Guibajak egin zuen, mudejar teknika erabilita: “Mudejar teknikak esan gura du teknika arabiarra erabili dela, baina kristauek egindakoa dela”, dio Urteagak. Eta hori ez da oso ohikoa Euskal Herrian; izan ere, konkista arabiarra ez zen bertaraino iritsi.
San Juan baleontzia eta artxiboa
Donostia 2016 egitasmoko proiektuetako bat da XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza. 1565ean Pasaiatik irten zen San Juan Ternuara bidean. Ez zen inoiz itzuli; Ren Bayn hondoratu zen, urte hartan bertan. 1978an aurkitu zuten ontzia, besteak beste, Oñatiko unibertsitatean dagoen Gipuzkoako Protokoloen Artxiboan aurkitutako dokumentuei esker. Hain zuzen ere, Selma Huxley ikerlaria euskaldunek Ternuan egindako lana ikertzen ari zela, Burgosko, Valladolideko eta Oñatiko unibertsitateetako artxiboetan aurkitutako dokumentuei esker aurkitu zuten, 1978n, San Juan baleontzia.
Oteizaren lana
Oñatiko unibertsitateak gordetzen duen beste altxor bat Oteitzaren Lurra eta Bilargi lana da. Artistaren beste lan askotan bezala, ezezaguna da obraren esanahia. Emakume batek galdetu zion behin: “Zein da ilargia eta zein lurra?”. Eta hark erantzun: “Zein da, zure ustetan, ilargia?”