Joxefe Diaz de Tuesta: "Momentu batzuetan terapia ere egin dugu"

Maialen Santos 2020ko uzt. 17a, 11:52

Joxefe Diaz de Tuesta (Argazkia: Marta Leturia)

Oñatiko Emakumeak liburua sortu du Diaz de Tuestak, eta horren bigarren edizioa atera berri du. Herriko hiru tokitan dago salgai: Txokolateixan eta Natxo Santos eta Nagore Goñi argazkilarien estudioetan.

Joxefe Diaz de Tuestak Oñatiko emakumeak izeneko liburua argitaratu du. Argazkilaritza ikastaro batean otu zitzaion proiektua egiteko ideia, eta "pozik" dago emaitzarekin. Liburua baino gehiago, "esperientzia" izan da aberasgarriena.

Nola otu zitzaizun, zehazki, ideia?

Argazkigintza ikastaro bat egiten nenbilen, Gasteizen, eta horri amaiera emateko proiektu bat egiteko aukera suertatu zitzaigun. Nik emakumeei buruzko proiektu bat egitea aukeratu nuen; emakumeen genero berdintasunari buruzkoa.

Nola aukeratu dituzu emakumeak?

Gura nuen emakumeak gertukoak izan zitezen; herrikoak, eta, batez ere, emakume soilak –marka politikorik gabekoak–. Beraiei hitza eman eta euren balioak balioan jarri gura nituen. Horretarako, eurei egindako argazkiak eta euren hitzak bateratu ditut. Emakume moduan barruan daramatena argitara atera, nolabait.

Emakumeak familiaka elkarrizketatu dituzu...

Hasieran, banaka egiteko asmoa nuen, baina gero, pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela familia bakoitzeko hiruzpalau protagonista hartzea, belaunaldi ezberdinetakoak. 11 familia islatu ditut liburuan –35 emakume–; aberasgarria izan da.

Nolakoa izan da eurekin hartu-emana?

Oso prozesu polita izan da eurekin egotea. Hitz egiten hasi bezain pronto kontatzen zidaten euren bizitza, emakume diren aldetik. Momentu batzuetan terapia egitera ere iritsi gara. Bakoitzak bere kontuak kontatzen zituen; baita nik ere. Eta askotan, hunkitu egin naute euren hitzek. Ez hori bakarrik: gazteek euren amonei buruzko gauza asko jakin dituzte bilera horiei esker.

Noiz hasi zinen lan honetan?

2018ko udazken inguruan. Emakumeekin beranduago egon nintzen. Jakina, aurretik lanketa bat egin behar izan nuen, lana nola egingo nuen zehaztu ahal izateko. Liburuaren lehen edizioa iaz azaroan atera nuen.

Argazkiak non atera dituzu?

Arantzazun atera genituen; Gandiaga Topagunean, zehazki. Hori iruditu zitzaidan leku egokia. Zuri-beltzean daude guztiak.

Liburua bera nola sortu duzu?

Esango nuke liburuak izan duen arrakastan garrantzi handia izan duela koadernaketak eta diseinuak. Horren harira, esan beharra daukat Nahikari Morak egin duela diseinua eta Zigor Anguianok, aldiz, koadernaketa. Eskuz egin dute guztia, eta izugarrizko lana egin dute. Liburua asko gustatzen zait estetikoki zein fisikoki.

Eta barruan zer aurkitu daiteke?

Kanpokoa ez ezik, barrukoa ere garrantzitsua da, jakina. Emakumeen argazkiak eta hitzak aurki ditzake irakurleak; eta ez hori bakarrik, emakumeen eta nire artean sortutako giroa ere islatzen dela esango nuke.

Lehen edizioa erraz agortu zen...

Egia esan, bai. 60 ale bakarrik atera nituen lehen edizioan. Gehienbat, familiek hartu zituzten liburuak, eta gero, inguruko jendeak, pertsonalki eskatu zidatenek. Ia-ia ez nuen saldu beharrik izan, jendea etorri baitzitzaidan eskatzera.

Zein harrera egin diote protagonistek?

Oraindik ez dakit, baina ona izan dadin espero dut. Bigarren edizioa ekain amaieran iritsi zait, eta, beraz, salmentek euren kabuz hitz egingo dute.

Zein asmo duzu, bada?

Orain artean, liburua ezin izan da dendetan eskuratu. Oraingoan, baina, 100 ale jarriko ditut salgai herriko hiru toki ezberdinetan: Txokolateixan, Natxo Santos argazki-dendan eta Nagore Goñi argazkilariaren estudioan. Salmenta prezioa, bestalde, 35 euro izango da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak