Usakora ere heldu da prebentzio plana eta egubakoitzean aplikatuko dute hirugarren neurria: bi txanda egongo dira belardia erabiltzeko: 15:00etatik 17:45era lehena eta 18:15etik 21:00etara bigarrena. Aste honetatik aurrera, putzuan egon daitekeen pertsona kopurua ere mugatuta dago; 30 pertsonako edukiera du. Jende asko batuz gero, hamar minutuko txandak egingo dituzte uretan egoteko.
Ur eremuan hamabost lagun
Usakon ere ez da ohiko uda izango aurtengoa. Udalak prebentzio neurriak hartu ditu bainu eremu horretan ere. Jende asko ez pilatzea da gura dena. "Osasun krisiak eraginda, ezin daiteke betiko moduko zerbitzua eskaini. Hori argi izan dugu hasieratik, eta, besteren artean, sorosle gehiago, osasun prebentziorako neurri bereziak... jarri ditugu. Dena den, uste baino jende gehiago dabilenez, bestelako neurriak hartu beharrean gaude", azaldu du Izaro Elorza Oñatiko alkateak.
Neurrietako bat izan da ur putzuan edukiera jartzea. Aste honetan hasi dira hori kontrolatzen. "Egia esan, aste honetan ez du aparteko berorik egin eta jende askorik ere ez da ibili. Astebururako beroa iragarri dute eta hori izango da neurri horren benetako proba. Jende asko elkartzen bada, 30na sartuko dira, hamar minutu talde bakoitza. Besteek zain egon beharko dute kanpoan. Ondoko eremuan, berriz, hamabost pertsona egon ahal izango dira aldiro", dio Joseba Erañak, sorosleen arduradunak. Gune horretan ezingo dira toallak jarri, ezta egonaldi luzerik egin ere. Sorosleak arduratuko dira hori betearazten.
Hain zuzen ere, sorosleak ur eremuaz arduratuko dira eta bi udaltzain laguntzaile kontratatu dira belardia zaintzeko. Ordutegia ere luzatu egin da aurten: 15:00etatik 21:00etara; 16:00etatik 20:00etara bi sorosle egongo dira. Belardian txanden ordutegia errespetatu beharko da eta asteburuetan 14:00etara-ko libre utzi beharko da, lehen txandakoak sartzeko; langile bat gehiago ere egongo da asteburuetan. Gaur, egunea, arratsaldean dute bilera belardia nola antolatu zehazteko.
Aparkalekuak
Bestalde, Usako sarreran eta inguruan ezingo da aparkatu. Udalak hilerri ondoko eta Munazategiko aparkalekuak erabiltzeko kartelak jarri ditu. Alkateak gaineratu du aparkatzeko neurri horiek hartzeko kontuan hartu dituztela auzotarren eta herritarren esanak.