Oñatiko Udalak eta Aldundiak gogor gaitzetsi dute asteburuko eraso sexista

Maialen Regueiro 2020ko uzt. 13a, 15:00

Oñatiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzional baten bitartez jakinarazi dute, herrian asteburuan gertatutako eraso sexista "gogor gaitzesten" dutela. Horrekin batera, babesa adierazi diote erasotua izan den emakumeari eta bere ingurukoei.

Udalak jakinarazi du, informazio eta baliabide guztiak jarri dituela erasotako emakumeen esku, bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezaketen laguntza guztiarekin batera.

Oñatiko Udalak egindako adierazpen instituzionala, osorik:

"Oñatiko Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure herrian asteburuan ezagutzera eman den eraso sexistaren aurrean, eta bere babesa adierazi nahi die erasoa pairatu duten emakumeei eta haien ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu erasotako emakumeen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezaketen laguntza guztia ere.

Emakumeenganako indarkeria  ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, jendarte egituraketa patriarkalak ezarritako emakumeen eta gizonen arteko bereizkeria da, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak berak.

Oñatiko Udalak ardura osoa du udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko. Beraz, ez dugu atsedenik hartuko ahalegin honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean. Erasoa jasan duten emakumeek guztion laguntasuna sentitu behar dute, ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileei argi azaldu behar diegu guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia horren ahalmena.

Horrenbestez, Oñatiko Udalak dei egiten die herritar guztiei indarkeria sexistaren aurkako jarrera irmoa azaltzera eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera. Indarkeria matxistarik gabeko herri parekidearen alde egingo dugu, bakoitzak bere eremutik baina indarrak batuta."

Gipuzkoako Aldundiak egindako adierazpena, osorik:

"Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen honen bitartez, joan den larunbatean Oñatin izandako bortizkeria matxista kasua indar guztiz salatu eta arbuiatu nahi du. Foru erakundeak, aldi berean, elkartasun osoa eta babesa eskaini dizkio biolentzia kasu hau pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo Instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Oñatiko Udalak aho batez adostu duen adierazpenarekin. Gizon eta emakumeen berdintasun eza dago halako erasoen oinarri-oinarrian, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Horregatik, beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra; pertsonen duintasuna, askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka egiten duten jarrerak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.

Egungo pandemia egoeran, foru erakundeak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten. Erakunde eta herritar oro gertu gaude edozein unetan haiek laguntzeko."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak