Estitxu Pinatxo: "Ilusio berezia egiten dit Debagoienera itzultzeak"

Maialen Santos 2020ko uzt. 6a, 13:23

Mikel Santxezekin batera Dama Beltzak proiektuan murgilduta dago Estitxu Pinatxo. Eguazten honetan, Lazarragako lorategian arituko dira. Sarrerak aurrez hartu behar dira Txokolateixan edota www.oñati.eus webgunean. 

Bost urtez Debagoienean –Arrasaten– bizi izan den arren, azken bi urteak jaioterrian, Beran (Nafarroa), eman ditu Estitxu Pinatxok. Bost emakume beltzi omenaldia egiten dion Dama Beltzak proiektuarekin izango da Oñatin eguaztenean, uztailak 8. Lazarragako lorategian eskainiko du emanaldia, 19:00etan.

Zein proiektu dituzu esku artean?

Une honetan, bi ezberdinekin ari naiz. Alde batetik, azaroan atera nuen lehen disko propioaren –Haize gorri batek– bueltako emanaldiekin nabil. Eta bestetik, Dama Beltzak proiektuarekin. Elkarren artean independenteak dira; eta azken honekin izango naiz Oñatin.

Zertan datza proiektua?

Dama Beltzak Mikel Santxezek eta biok elkarrekin sortutako proiektua da. Aspaldi geneukan elkarrekin zerbait egiteko gogoa, eta halaxe jaio zen, elkarlanetik. Santxez bateria-jolea da, berez; baina baziren urteak gitarra ikasteko gogoa piztu zitzaiola. Ni neu pianoa ikasten hasi nintzen. Eta, bi instrumentu horiek oinarri hartuta, erronka modura sortu genuen proiektua, ilusio handiz.

Musika beltza egiten duzuela diozu...

Musika propioa egiteko orduan, musika beltzaren ukitua nabarmentzen da, zeharo. Abeslari naizenez gero, betidanik joan izan zait belarria ahots horietara; are gehiago, esan dezaket ahotsik onenak musika beltzean topatu ditudala.

Bost emakume beltz omendu gura dituzue...

Halaxe da. Esan daiteke musika beltza egiten aritu ziren bost emakumeri omenaldia dela Dama Beltzak. Oso hutsune garrantzitsua bete zuten, esaterako, bluesean. Emakumeek komertzializatu zuten musika mota hori. Baina atzean geratu dela uste dut, eta, nolabait, ikusarazi egin gura genuen.

Zeintzuk dira emakume horiek?

Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin. Ikurretako batzuk dira, baina gehiago ere badaude, jakina.

Nola omentzen dituzue, zehazki?

Ordubete inguru irauten du gure emanaldiak, baina ez dugu musika bakarrik egiten. Emakume bakoitzaren esperientzia eta istorioa kontatzen ditugu, eta jarraian, beren kantarik esanguratsuenak interpretatzen ditugu. Pianoa eta gitarra lagun izaten ditugu, beti.

Lehen aldiz eskainiko duzue kontzertua Oñatin?

Oñatin bai. Baina Debagoienean askotan egon naiz. Are gehiago, Arrasaten bizi izan naiz bost urtez, Bergaran lan egiten nuelako. Aitortu beharra daukat ilusio berezia egiten didala Debagoienera itzultzeak.

Elgetan ere izango zara laster, gainera...

Bai, uztailaren 24an. Eta neguan ere izan naiz Arrasaten eta Bergaran, emanaldi banatan.

Ibilbide luzea egin duzu musikan...

Egia esatearren, oso gazte hasi nintzen. Kantu txapelketetan estreinatu nintzen, eta horri esker deitu ninduten Egan erromeria taldetik, 15 urte soilik nituela. Josetxo Goia-Aribek ere deitu ninduen, berarekin jazzaren inguruko disko bat grabatzeko. Gerora, beste lan batzuk ere egin ditut, eta musika egin ahalaz bat estilo ezberdinak probatuz joan naiz.

Telebistan ere aritu izan zara... Bai. Batzuetan, abeslari. Eta beste batzuetan, ostera, epaile. Gainera, horren ostean etorri ziren bestelako batzuk; besteak beste, Egunsentiaren kantak proiektua.

Bidea egiteak zauden tokian egoten lagundu dizu?

Zalantzarik gabe. Poliki-poliki joan naiz jendea ezagutzen; tartean, musikari ezberdinak, eta horren harira iritsi naiz gaur egungo egoerara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak