Iban Urizar: "Itxialdiaren osteko lehena delako izango da berezia Oñatiko kontzertua"

Mireia Bikuña 2020ko eka. 26a, 11:00
Iban Urizar 'Amorante' bakarlaria.

Elgoibarko bakarlariak kontzertua egingo du gaur, egubakoitza, Oñatiko gaztetxean, 20:00etan. Berarekin batera egongo da oholtzan Aretxabaletako Trigger bakarlaria.

Azkenean, oholtza gainean.

Heldu da eguna. Oso gogotsu nago, egia esan. Konfinamenduaren osteko lehenengo kontzertua izango da, eta horregatik oso berezia izango da.

Zerbait berezia prestatu duzu Oñatirako?

Ez. Amorante-ren izaera zuzenekoetan ikusten da. Alde horretatik, zuzeneko ona egin gurako nuke. Oholtzan egoteko aukera izatea izugarria da, eta aprobetxatu egin beharko dut. Hain zuzen ere, orain arteko kantuak izango dira protagonista. Amorante-ren betiko kantuak.

Itxialdian egindako kantuak entzuteko aukera egongo da?

Egia esan, konfinamendua ez da oso probetxuzkoa izan ekoizpen aldetik. Bi seme-alaba ditut, eta lana, familia eta musika bateratzea oso zaila egin zait. Hortaz, ez dut denborarik eduki kantu berriak sortzeko. Eta gogo handirik ere ez. Musika munduan dihardugunok aldika atseden hartzen dugu, indarberritu ahal izateko. Baina oraingo atsedenaldia oso bestelakoa izan da. Behartutakoa. Gogorra. Nork bere etxean kasuistika ezberdina bizi izan du, eta horretara egokitzea zaila izan da guztiondako.

"ETORKIZUNA EZIN DUT IRUDIKATU; PROFESIONAL ASKO DAGO GELDI ORAINDIK ETA OSO GOGORRA DA"

Zein egoeratan harrapatu zintuen alarma egoerak?

Martxorako hainbat kontzertu nituen lotuta. Baita antzezlan batekin nuen proiektua. Horiek guztiak bertan behera geratu ziren. Batzuk irailean berreskuratuko ditugu, baina beste hainbat galdutzat eman ditut.

Musika munduan diharduzuenok hasi zarete tunelaren bukaera ikusten?

Ez dakit zer esan. Normaltasunerako itzuleran bazirudien ertainak edo txikiak garenok izango ginela lehenak argi hori ikusten. Bada, orain ikusten da bolo-ak egiten hasi direnak talde handiak direla. Ez daukat garbi ze egoeratan gaude. Are gehiago, ez da bakarrik musikarion egoera. Gure inguruan dauden beste teknikariak, argiztapenetakoak, soinukoak... ere geldi daude. Profesional asko daude etorkizunarekin kezkatuta. Guztiongatik espero dut normaltasun batera helduko garela.

Zure hirugarren diskoa izango dena daukazu esku artean. Oñatiko kontzertuan kanturen bat joko duzu?

Ez. Diskoa irailean kaleratuko dut. Hirugarrena izango da, Amorante eta Manuela eta brueghel zarra lanen ostean. Ez naiz diskoak egiteko zalea. Batez ere, prozesu oso luzea eta gogorra izaten delako.

"IRAILEAN KALERATUKO DUT DISKOA. HIRUGARRENA. OSO ILUNA ATERA ZAIT. BELTZ KOLOREKOA"

Nolakoa izango da diskoa?

Iluna. Beltza. Abenduan grabatu genuen, konfinamenduaren aurretik. Inork ez zekien zer bizi izango genuen martxotik aurrera. Hortaz, diskoaren tonua bat dator bizi izan dugunarekin. Baina kasualitatea hutsa da parekotasun hori. Oholtza gainean ezagutzen nautenek badakite nolakoak diren nire zuzenekoak: dinamika ezberdinak dituzte. Kontzertua hasi dezaket seriotasun puntu batekin, eta segituan ludiko puntu batera jo. Hortaz, kontzertuak oso ezberdinak irteten zaizkit. Horiekin alderatua, diskoa oso iluna atera zaigu. Bilbon grabatu nuen, Aitor Etxeberriaren produkzioarekin, eta Forbiden Colours diskoetxeak kaleratuko du.

Zein harreman daukazu Rodrigo Amaranterekin eta Enrique Morenterekin?

Bada, nire izen artistikoaren sorrera bi artista horien abizenetan oinarritzen dela. Biak miresten ditut. Morente kopla kantari espainiarra eta Amarante musika eta konpositore brasildarra. Euren abizenak hartu eta Amorante ipini nion nire buruari. Bestela ere, maitale esan gura duenez, berba gogoangarria dela uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak