Protokoloari jarraiki zabalduko dute Eltzia

Maialen Santos 2020ko eka. 20a, 09:43

Bertan elkartzen diren 25 taldeetako ordezkariek bilera egin zuten joan den astean; eta, Udalaren onespenarekin, eraikina ireki egingo dute. Protokolo bat zehaztu beharko dute, eta gero, talde bakoitzak erabaki beharko du jarduerara itzuliko den.

Osasun krisiaren eraginez Eltzia ixteko erabakia hartu behar izan zuten, martxoan, bertako Asanbladako Koordinadora Taldekoek. Erabaki horren eraginez, Eltzia ohiko topaleku duten 25 kultur taldeetako kideek ez dute modurik izan bertan elkartu edota entseatzeko. Joan den astean, baina, taldeetako ordezkariek batzarra egin zuten, eta Eltzia berriro irekitzeko erabakia hartu zutela azaldu du Eltzia koordinadorako Ione Zubizarretak: "Hain justu, erabaki genuen Udalari eskatzea Eltzia ireki dezala". Aitortu duenez, gainera, Udalak begi onez hartu du proposamen hori.

Protokoloaren beharra

Eltzia ireki ahal izateko, baina, protokolo baten beharra dutela azaldu du Zubizarretak, eraikin barruan nola jardun dezaketen jakiteko. Lan hori egiteko, bilera egin zuten eguaztenean: "Asanbladako kideez gain, Udaleko teknikari bat ere izan zen gurekin. Eltzia eraikuntza publikoa den heinean, Udalaren laguntza behar dugulako". Behin protokoloa zehaztuta, hurrengo urratsa izango da segurtasun neurriak betetzeko materiala erostea; esaterako, desinfektatzeko gelak. Gauzak horrela, Zubizarretak azaldu du Eltzia datorren astean edo, gehienera jota, bi aste barru irekitzea "aurreikusten" dutela.

Eraikina ireki arren, talde bakoitzaren erabakia izango da Eltzia erabiltzen hasi ala itxaron. Era berean, talde bakoitzaren ardura izango da "zentzuz" jokatzea. Hain justu, Txantxiki familia elkarteko kide ere bada Ione Zubizarreta, eta azaldu du herriko ikastetxeak oraindik itxita daudenez gero, beraiek ere oraindik ez direla jarduerara itzuliko. Algaraz elkarteko Josu Zubiak, bestalde, GOIENAri azaldu dio "lanean hasteko" gogotsu dagoela, eta, beraz, Eltzia ireki bezain pronto ekingo diotela entseatzeari: "Gure lanak sormen eta lan kolektiboa du oinarri, eta entseatzeko beharra dugu". Are gehiago, azaldu du Potx eta Lotx magoek ikuskizuna eskainiko dutela ekainaren 23an, Elorrion, eta, Eltzia ireki ezean, ezingo dutela ikuskizunerako entseatu. Hala, beste arlo batzuetako langileen modura, kulturgileak ere "ahal bezain azkarren" lanean has daitezen gurako luke Zubiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak