Uztailaren 1ean ekingo diote udako zaintza hezitzaileari

Maialen Santos 2020ko eka. 19a, 13:12

Haur talde bat Oñatiko plazaren erdian.

Udalekuen ordez, udako zaintza hezitzailea antolatu dute haurren aisialdirako. 226 haurrek hartuko dute parte, eta goizero lau orduz arituko dira ekintza ezberdinetan. Aurten, baina, landa eremuetaraino iritsiko dira; hori bai, segurtasun neurriak hartuta.

Ohiko udalekuen ordez, udako zaintza hezitzailea prestatu du udalak, uztailerako. Iker Oñate Haur eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez, "egoerara" egokitutako zerbitzua" izango da, zeinetan "segurtasun neurri guztiak" bermatuko diren. Uztailaren 1etik 24ra eskainiko dute, eta adinaren araberako bi multzo nagusitan banatuko dituzte haurrak; elkarrekiko "era independentean". Horien baitako talde txikiak ere ohi baino "murritzagoak" izango dira. Topalekua ez da gaztelekua izango, herriko gune ezberdinak baizik. "Herriguneko toki ezberdinetan elkartu arren, landa auzoetara ere joango gara", azaldu du Oñatek. Udako eskaintza goizetan egingo dute, eta lau ordukoa izango da hirukoaren ordez: 09:00etatik 13:00etara. Zinegotziak azaldu duenez, dinamika ere ez da "ohikoa" izango; esaterako, haurrek ezingo dutelako material guztia elkarbanatu. Segurtasuna mantentzeko, umeei maskarak banatuko dizkiete, baita goizero tenperatura hartu ere.

Guztira, 226 ume

Udako zaintza hezitzailea prestatzen hasi aurretik, ordurako 700 ume inguruk zuten izena emanda udalekuetan. COVID19aren eraginez, baina, kopuru hori murriztu egin behar izan dute. "Horretarako, familiei eskatu diegu euren egoera baloratu dezatela; eta kontziliazioagatik eta gurasoen zein umeen beharrengatik soilik ekar ditzatela umeak zerbitzura". Gauzak horrela, asko izan dira bajan eman diren umeak; eta 226 ume hartuko dituzte azkenean. Horren harira, zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie familiei, "borondatez" jardun eta "egoera ulertzeagatik".

Begiraleen formakuntza saioak, bestalde, bi izango dira: bata, arlo pedagogikoari buruzkoa, eta bestea, segurtasuna lantzeko.

EAJ, proposamenei "eusten"

Zaintza zerbitzuaren harira EAJk egindako proposamenen artean zegoen zaintzarako dirulaguntza lerroak eskaintzea: "474 haur zerbitzutik kanpo geratu dira. Aitona-amonen ardurapean geratuko direla uste dugu, eta hori saihestea gura genuen". Bestalde, uste dute izen-emate prozedura ez dela "egokia" izan, familiei zerbitzuaren beharra baloratu dezatela eskatzeak, izen-ematean atzera egitera "bultzatu" dituelako. Azkenik, hizkuntza aldetik beharrak dituzten haurren egoerak ere kezkatzen ditu, eta diote etxean euskaraz komunikatu ezingo direnen beharrak "zalantzan" daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak