Egun aurpegian maskara eramatea gure egunerokoan txertatu da eta hori denboran luzatu daitekeenez, Oñatiko Udalak maskarak banatuko ditu herritarren artean.
70 urtetik gorako herritar guztiei etxera bidali dizkiete eta datorren astean beren etxeetan jasoko dituzte. Guztira, 1.500etik gora gutun-azal prestatu ditu Udalak eta 2.000tik gora maskara bidaliko. Gainerako herritarrek hurrengo bi asteetan izango dute aukera bakoitzak berea hartzeko. Saretuz-eko boluntarioen bitartez egingo dute banaketa plazan jarriko duten postu baten bitartez. Goizez ( 10:00-12:30) eta arratsaldez (17:00-19:30) egongo dira maskarak banatzen ondorengo egun hauetan:
- Ekainak 18, eguena
- Ekainak 19, egubakoitza
- Ekainak 22, astelehena
- Ekainak 23, martitzena
- Ekainak 24, eguaztena
Berrerabilgarriak
Maskarak egiteko erabili duten ehuna, EN13795 arauaren baitan testatutako ehuna da Udalaren esanetan, "mikroorganismoen aurkako hesi gisa eraginkortasun oso altua duena". 300 garbiketa jasaten ditu eta, beraz, behin eta berriz erabil daiteke.
Etxeetara bidali dituztenak eta datozen asteotan banatuko dituzten gehienak eginda erosi ditu Udalak, "ahalik eta azkarren egin ahal izateko banaketa, baina jostun-sareko jostunek ere maskarilak josten jarraitzen dute. Hauei banatu zaien ehuna eginda erositako maskarilentzako erabili den berdina da".
Eskerrak
Udalak eskerrak eman gura dizkie maskara horiek josten ari diren herritarrei, banatzen laguntzen ibiliko direnei eta baita herritar guztiei ere: "Udaletik herritarren ahalegina goraipatu nahi dugu, eta berriz ere eskerrak eman herritarrei ezohiko egoera honen aurrean erakusten ari diren konpromiso eta arduragatik".