Corpus Eguneko atal garrantzitsua da kofradia. Aurtengoan, ezin izango dira prozesioan irten, baina elizkizunean izango dute tokia kofradiakideek. 50 pertsona inguruko taldea osatzen dute; eta Santa Anako mojak ere kofradiaren parte dira. Azken hauek arduratzen dira corpusetako arropak garbitu eta konpontzeaz.
Corpus Eguna iritsi aurretik batzarra egin ohi dute kofradiakideek, andariek, katekistek... eta egun berezirako "guztia prestatzea" da helburua. Aurten, ordea, prestaketa lan gutxiago beharko direla azaldu du Josu Amondarain kofradiakideak: "Aurtengo antolaketa zailagoa izango da, ezohikoa izango delako". Gaineratu duenez, beste urte batzuetan "lan gehiago" egin behar izaten dute; halere, badakite zeintzuk diren "jarraitu beharreko urratsak", eta, beraz, "erraz" egiten dutela dio. Manu Egaña kofradiakideak azpimarratu gura izan du corpusak fedearekin esperientzia bat direla, "espiritualtasuna bizitzeko beste era bat".
Elizan, soilik bi santu
Prozesioan 15 santuk hartu ohi dute parte. Horietako batzuk San Migel parrokian edo auzoetako ermitetan gordetzen dituzte. Hiruzpalau, ostera, jendearen etxeetan egoten direla azaldu du Luis Mari Aranburu kofradiakideak. Santuen irudiak estalita izaten dituzte, "hondatu ez daitezen", eta corpusak iritsi aurretik zenbait ordezkari edo andari arduratzen dira prestaketa lanak egiteaz: "Irudiak janzten dituzte, andak eta makilak jarri, eta baita loreak ere". Osasun krisiaren eraginez, baina, santuek beste urtebete itxaron beharko dute euren gordelekuetan; izan ere, San Migel parrokian gordeta dauden bi santuk soilik hartuko dute parte aurtengo corpusetan. Amondarainek azaldu duenez, Mikel Aozaraza santu oñatiarra izango da horietako bat: "Urtea elizan pasatzen du, bere kaperan. Eta, gainera, estaltzen ez den irudi bakarra da, bistan dago beti". Errosarioko Amak ere parrokia du gordeleku, eta bertan izango da domekan. Hala eta guztiz ere, Corpus Eguneko figura nagusia, San Migel, ezin izango dute atera, "segurtasun neurriak errespetatu daitezen".
Corpusen ostean, konponketak
Corpusen ostean, kofradiakideak arduratzen dira santuen jarraipena egiteaz: "Bateren batek konponketa behar badu, Gasteizko tailer batera bideratzen dugu". Hain justu, koronabirusak bertan harrapatu du Mikel Aozarazaren anda, konpontzen. 1990az geroztik urtero bidaltzen dute santu bat, berritu dezaten. Aste Santuko ospakizunen antolaketan ere hartzen dute parte kofradiakideek. Ez hori bakarrik: taldeko kideren bat zein moja bat hiltzen den bakoitzean, hileta elizkizunean hartzen dute parte kofradiakideek.