Corpus Eguneko prozesioaren faltan, Oñatz dantza taldeko dantzariak elizan bakarrik arituko dira aurten. Eukaristiaren bedeinkapenaren ostean banakoa dantzatuko dute, eta gero, Aita Madina taldeko txistulariek Agur Jaunak kanta joko dute. Oñatz dantza taldeko arduradun Jesus Irizar Txutxin-ek azaldu duenez, amaieran ere egingo dute dantza: "Zortzikoa dantzatuz denak batera joango dira sakristiara".
50. urteurrenaren baitan
Oñatz dantza taldearen 50. urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta, horren harira, corpusak ere "bereziak" izatea gura lukete taldekoek. Osasun krisiak, baina, aurreikuspenak bertan behera utzi ditu, eta elizan dantza egitearekin "konformatu" beharko dutela adierazi du Irizarrek. Hala eta guztiz ere, aurtengo corpusak "ezohikoak" izan arren, berezitik ere izango dutela uste du Mikel Biain dantzarien kapitainak –dantzari urdina–. Berak aitortu duenez, elizan ere igartzen dute tentsio puntu bat: "Eskaileretan aldarera begira gaudenean, elizako begirada guztiak izaten ditugu gainean". Alazne Agirre dantzaria hirugarrenez ari da corpusetarako entseatzen, eta "gogotsu" azaldu da aurtengoetarako. Oñatzeko emakumezkoek duela hiru urte dantzatu zituzten lehenbizikoz Oñatiko Corpus dantzak, eta aurten ere dantzan aritzeko "gogotsu" azaldu da. Aitortu duenez, herrian zein taldean "ondo" hartu dituzte emakumezkoak, eta gaur egun bereizkeriarik egin gabe egiten dute dantza: "Dagoeneko ez gara emakume edo gizonezko dantzariak; Oñatzeko dantzariak baizik".
Dantzariek euren lana egin dezaten, ezinbesteko dituzte Aita Madina taldeko txistulariak. Azken hauen egutegian ere Corpus Eguna ez da edonolakoa, Lander Diaz de Gereñuren iritziz: "Urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa dugu honako hau". Bide batez, eskerrak eman gura izan dizkie aurtengoak antolatzen aritu direnei: "Lan handia egin dute, herriak bere jai kuttuna ospatzeko aukera izan dezan".
XV. mendea ezkero dantzan
XV. mendean ere egiten ziren Corpus dantzak, "dokumentu batek jasotzen baitu dantzariei eta txistulariei ordaindu egiten zietela". Azken ehun urteetan dantzak ez dira aldatu; bai, ordea, jantziak. Txapela duela 150 urtekoa da, eta gorbatak eta prakak garaira "egokituz" joan dira.
Taldearen "nortasunaren parte" dira Corpus dantzak; horiek mantendu eta "belaunaldiz belaunaldi" transmititzea dute helburu. Dantzok munduari bira eman diote azken 50 urteetan; Poloniara, Belgikara, Kroaziara, Ameriketako Estatu Batuetara... eraman dituzte dantzariek.