Konfinamenduaren arintze prozesuaren hirugarren fasean sartu gara aste honetan eta liburutegietako zerbitzuak gehitzea baimentzen du fase horrek. Horrela, posible da liburutegietan irakurtzen egotea, ikasteko tokia hartzea eta bertako ordenagailuak erabiltzea.
Dekretuak hori jaso arren udal bakoitzari dagokio gero baimen horien aplikazioak noiz eta nola eskaini. Oñatikoak aurrez zituen lanketa guztiak eginda eta aste honetan bertan hasi dira hiru zerbitzu horiek eskaintzen. Hori bai, maskara edo musukoa jantzita sartu behar da liburutegira eta eskuak garbitu behar dira sartzerakoan.
Bestalde, aurretik egina zuten egitarauarekin aurrera jarraitzen dute liburutegian eta adibidez, eguaztenean, ekainak 18, Amets Arzallus etorriko da Miñan liburua aurkeztera, 19:00etan; ondoren solasaldia egongo da. Zinema aretoan izango da aurkezpena eta aforo kontuagatik aurrez hartu behar da txartela udal webgunean.