Zubikoa astelehenean zabalduko dute eta gimnasioa hilaren 22an

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko eka. 11a, 08:04

Hainbat ume kantxa urdina erabiltzen joan den urtean

Kirol instalazio guztiak ez dituzte batera zabalduko; hilaren 15ean Zubikoako kirol guneak, Larrañako pilotalekua eta Azkoagain futbol zelaia irekiko dituzte. Hilaren 22an, berriz, Eltziako gimnasioa. Saio gidatuak uztailaren 1ean hasiko dira.

Kirol eremuek datorren astean hasiko dute konfinamenduaren arintzea. Modu mailakatuan zabalduko dituzte kirol guneak datozen bi astean, segurtasuna bermatzeko neurriak hartuta.

Neurriak hartuta

Horrela, Zubikoa kiroldegiko zerbitzuak izango dira erabili ahal izango diren lehenak. Datorren astelehenean, ekainak 15, zabalduko dute Zubikoako kirol gunea. Astelehenetik egin ahal izango da han: kantxa urdineko, tenis pistako zein pilotalekuko kantxak erreserbatu eta fit-bike eta pilates gelak erabili, biak monitorerik gabe. Aldagelak, komunak, takilak eta dutxak ere zabalik egongo dira. Baita bulegoa ere, informazioa eskatzeko edo tramiteak egiteko, adibidez.

Bakoitzak bere toalla eta ur botila eramango ditu eta eskuak garbitu beharko ditu

Kirol espazioetako aforoak ere zehaztuta daude; adibidez, pilates gelan hamar lagun egon ahal izango dira gehienez eta fit-bike gelan, hamabost. Frontoia lau lagun baino gehiagok erabili behar badute, eskaera egin behar da harreran. Garbiketa eta desinfekzio produktuak instalazioko gune ezberdinetan jarriko dituzte erabiltzaileendako. Bestalde, egunean bi aldiz egingo da instalazioaren garbiketa: eguerdian eta zerbitzua ixterakoan. Horrez gain, baina, erabiltzaileei arduraz jokatzeko ere eskatu gura die udaleko kirol sailak eta hainbat eskakizun egin dizkiete: eskuak garbitzeko eta desinfektatzeko, segurtasun distantzia mantentzeko, jardueran erabilitako materiala garbitzeko eta norberak bere toalla eta ur botila eramateko, besteak beste. Gomendioen artean, etxetik kirol jantziekin joatea.

Gimnasioan, txandak

Azkoagain eta Larrañako pilotalekua ere astelehenean zabalduko dituzte eta Zubikoan ezarritako arau berak aplikatuko dituzte bi gune horietan ere.

Azkoagain eta Larrañako frontoia  astelehenetik  aurrera erabili ahal izango dira

Larrañaren kasuan, Zubikoan egin beharko da frontoia erreserbatzeko eskaera. Azkoagainen erabilera nola egin, berriz, Aloña-Mendi kirol elkarteko futbol sailak erabakiko du, taldeko zein banakako entrenamenduak antolatu ahal izango ditu Udalaren baimenarekin.

 

Eltzian egokitutako gimnasioa hilaren 22an zabalduko dute. Hiru gelatan antolatu dute gimnasio hori eta zortzi eta hamabi erabiltzaile artean egon daitezke batera, kasuan kasu. Kiroldegietako harreretan egin ahal izango den txanden erreserben bidez joan ahal izango du gimnasiora abonatua. Egunetik egunera egin ahal izango da erreserba, eta erabilera egin ondoren, eta hurrengorako eskaera, egun bat pasa ondoren egin ahal izango da. 13:30etik 15:00etara itxiko dute garbitu eta desinfektatzeko.

'Kirol txartela', zalantzan

Aurten aukera egon da Kirol Txartela ateratzeko eta horrekin Debagoieneko beste kiroldegietako hainbat zerbitzu erabiltzeko. Berez sei hilabetetarako zen hasiera bateko erabilpena. Mankomunitateak oraindik ez du erabaki txartel horrek jarraipena izango duen edo ez, baina Oñatiko Udalak eskaera egin die Arrasateko, Aretxabaletako, Bergarako eta Eskoriatzako udalei beraien kiroldegietako igerilekuetako zerbitzua erabiltzen uzteko. Oraindik ez dute erantzunik jaso.

'Kirol txartela'-k ez badu jarraitzen, igerilekuak  erabiltzen uzteko eskatu du udalak

 

Usako eta ur txorrotak

Bestalde, Udala lantzen ari da Usakoren erabilpena udarako. Baita ur txorroten gunearena ere. Udan herritar asko erakartzen dituen guneak dira biak baina trataera ezberdina dute eta biak ari dira lantzen, hau da, noiz zabaldu ahal izango dituzten eta zein neurri hartu beharko diren, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak