Azaroan hasi ziren herriko 11 gazte egitasmoa lantzen; guztiak dira saltseroak eta erronka-zaleak. Umorez eta modu sanoan zirikatzeko gogoak batuta sortu dute Zarramarra.
Zirikatzeko gogoz
Zarramarraren zentroa Oñati dela dio taldeko kide Josu Zubiak: "Uste dugulako Oñatik badituela mahai gainean jartzeko gauza asko, bere buruari begira eta Euskal Herrira begira ere bai. Gure herriko topiko eta esaldi ohikoei arrazoi bat ematen saiatuko gara, gure betaurrekoetatik begiratuta".
Muga asko apurtzen dituen umorezko saioa da. "Herri guztietan moduan, gurean ere tabu diren gaiak, ukitu ezin diren pertsonak eta bestelako berezitasun asko daude; horietatik abiatuta, horiei buruz berba egin gura dugu, umoretik eta fikziotik. Modu informalean, baina fundamentuz, gidoiari baino gehiago, bat-batekoari balioa emanda. Debagoieneko beste herri batzuekiko pikea sustatu nahi dugu; eta adi, prest gaude Goienaren egoitza Oñatira ekartzeko".
Formatua: irratsaioa
Saio bakoitzean gai batetik abia- tuta, "oso etxeko giroan" egindako irratsaioa da. "40 minutuko iraupena du. Filtro barik jarduten dugu, oso freskoa da. Gaurko saioaren gaia da: Zer izan behar du oñatiar batek benetako oñatiarra izateko? Horren inguruan lau lagunek egingo dugu berba hasteko, eta gonbidatuarekin gero. Oraingoan, Aratz Losada da, eta hurrengo astekoa Antxon Telleria; aurreratuko dizuet bere ametsetako bat beteko duela podcastean".
Sarean aktibo
Saio osoak Youtubeko Zarramarra kanalean izango dira; audio formatuan, berriz, Spotifyn –Zarramarra Programa– eta iVooxen –Zarramarra Programa–. Instagramen –@zarramarraofiziala– eta Twitterren –@ZarramarraP– ere aktiboak direla dio: "Bitxikeriak eta bestelakoak igoko ditugu, eta gure proiektu izarraren berriak ere hor kontatuko ditugu".
Gazteendako eta antzokietan
Horixe da taldearen proiektu originalaren mamia. "Gaur estreinatuko dugunarekin ez dauka zerikusirik; oso potentea da, gazteendako eta aurrez aurre, aretoetan eskaintzeko modukoa".
Iker Plazaola 'Plaxa' Podcast saioen gidaria: "barkatu gure umorea ulertzen ez duzuenok"
Oñati irratian ibilitakoa da, eta film laburrak egitea oso gustuko du; pozik abiatu da abentura berrian.
Zelako esperientzia ari da izaten Zarramarra?
Bikaina! Lantalde ikaragarria dago, eta eskertzekoa da lagun horiek ezagutu izana. Ikusleen erreakzioen zain gaude. Beldur naiz, baina disimulatu egiten dut. Parazetamol pare bat eta esne gaingabetu beroa hartzea da sekretua.
Zer moduz moldatzen zara saioaren gidari lanetan?
Une batzuetan nire papera nola bete ez dut guztiz argi izaten... Gidabaimenaren azterketa teorikoa birritan suspenditu izana gogorarazten didate...
Zer esango diezu ikusleei?
Barkamenik beroenak, ez badute egiten dugun umorea ulertzen. Gu ongi pasatzera goaz, eta ez erretorika metafisikoaren abagunea inauguratzera.