Liderra 61 urterekin. Zorionak!
Pozik nago, bai. Sorpresa ere izan da. Kataluniako Federazioan dagoen lagun batek pasa zidan abisua. Atleta katalanen rankinga begiratzen hasi zen, eta han nengoen ni, bi probatan.
Nola baloratzen duzu ranking hori? Urtean zehar egindako lanaren adierazle da edo zerrenda huts bat besterik ez?
Balio handia duen zerrenda da. Mundu mailako beteranoen artean lehenengo egoteak esan gura du ondo nabilela. Urtean zehar egindako lanaren emaitza ikusten da hor. Ez dut lana alferrik egiten. Nik, bereziki, egiten dudan denbora baloratzen dut gehien. Liderra izatea oso inportantea da, baina denborak ere bai. Bereziki, 61 urte ditudala kontuan hartzen badut. Oso onak dira, eta oso pozik nago. Pista estaliko denboraldia izaten da abendutik martxora, eta tarte horretan lau lasterketa oso onak egin nituen; emaitza horiek hartu dituzte kontuan zerrenda egiteko orduan. Pista estaliko zerrendak dira horiek.
"KORONABIRUSAK LESIONATUTA HARRAPATU NINDUEN; ISKIOA HOBETZEKO BALIO IZAN DIT"
Ondorioztatu daiteke hobeto moldatzen zarela pista estalian?
Ez; kar, kar, kar. Nahiago dut aire zabalean korrika egin. Pista egiten dut askotan, eta gustura ibiltzen naiz, baina nahiago dut kanpoan ibili. Eta distantziari dagokionez ere, proba kuttunenak maratoi erdia eta 10.000 metroko probak dira. Aurretik ere egon izan zara atleta beteranoen zerrendan. Bai, hala da. Beste hirutan hirugarren postuan egon naiz, lehenengo hamarren artean ere hainbat alditan egon naiz. Orain, liderra izatea tokatu zait.
Ze ezberdintasun daude estaliaren eta aire librearen artean?
Nahiago dut kanpoan korrika egin. Pista diziplina azkarra da, eta nik erresistentzia handikoa naiz, baina ez horrenbeste azkarra. Pistako lasterketak etortzen dira oso ondo entrenamendu modura, gero bestelako proba luzeagoak egin ahal izateko. Pista estaliko Espainiakoetan ere parte hartu izan dut.
1.500 eta 3.000 metroko probak. Bata bestearen bikoitza. Horiek prestatzeak lan espezifikoa eskatzen du? Alegia, modu ezberdinean prestatzen dituzu?
Ez dut entrenamendu berezirik egiten. Orokorrak izaten dira, eta probak nahastu egiten ditut. Hori egitea ohikoa da beteranoen mailan. Gu ez gara profesionalak eta ez ditugu entrenamendu espezifikoak egiten. Zumarragan dago beteranoen taldetxo bat eta ni eurekin entrenatzen naiz. Hango futbol zelaian serieak egiteko hobea da taldean jardutea bakarka baino. Gogorra izaten da, bestela.
Bi hilabetez mundua geratu egin da koronabirusagatik. Zure entrenamenduak ere bai?
Niretzat arinagoa izan da, larrialdi egoera ezarri zenean lesionatuta nengoelako: iskioa nuen minduta. Hortaz, bizikleta apur bat egin dut eta ariketa batzuk, baina, betiere, lesiotik errekuperatzeko lana izan da. Orain hasi naiz berriro korrika, baina ondo etorri zait geldi egotearena. Poliki hasi naiz orain; astean hiru edo lau egunetan egiten dut korrika, baina lesioak okerrera egiteko beldurra daukat oraindik.
Geldialdi horren ostean, nola geratzen zaizu denboraldia?
Guztiak dago airean. Oraindik ez dago egutegirik. Beharbada, urrian hasiko dira lasterketak egiten, eta horiek egiten badira parte hartuko dut. Urrira begira, datorren hilean hasiko nintzateke entrenatzen, baina ezjakintasuna da nagusi. Proba nagusi guztiak bertan behera utzi dituzte.