Apirilaren lehen astean eratu zen Oñatin Neurri Ekonomikoen Mahaia, EAJk proposatuta. Harrezkero, astero batu dira hor alderdi bietako udal ordezkariak eta hainbat udal teknikari, COVID-19 gaitzak eraginda herriko hainbat sektore izaten ari diren kalteak arintzera bideraturiko neurri ekonomikoak zehazteko. "Egoera bestelakoa dela iritzita", azken bilera izan da aste honetakoa.
Hala ere, ez da erabat deseginda geratu mahaia: behar berriak sortuz gero berriz batzeko au-kera zabalik dago; unean uneko beharrek hala eskatuta ba-tuko litzateke Neurri Ekonomikoen Mahaia aurrerantzean.
Herriko komertzioetako langileei laguntzak ematea zein gizarte zerbitzuetan jasotako beharrei erantzuteko bideak jartzea adostu dituzte, esaterako, mahai horretan. "Maiatzeko osoko bilkuran onartutako diru laguntza ere martxan jarri da aste honetan, eta orain, horri guztiari jarraipena egitea dagokigu", adierazi du alkateak, Izaro Elorzak.
Balorazioa
Neurri Ekonomikoen Mahaiaren balorazioa egin du Udal Gobernuak. "EAJren proposamena izan zen mahaia eratzea, eta ondo iruditu zitzaigun, ideiak eta proposamenak beti dira-eta ongietorriak". Baina mahai hori ez dela espero bezain emankorra izan dio Udal Gobernuak: "Oposizioaren ekarpen zehatzik izan ez delako". Izaro Elorzak azaldu duenez, mahaian hartutako erabaki guztiak aho batez hartu dituzte: "Eta hori pozgarria da; eramandako ideia guztietan adostasuna lortu dugu, baina oposizioak apenas egin du landutako proposamenik. Agian, izan daiteke guk genituen asmo berak izatea beraiek ere, eta guk gaia landuagoa izatea eta ondo ikustea, ez dakit. Azken finean, elkargune informatibo bat izatera mugatu dira bilera horiek".
"Gobernu taldeko kideok landutako proposamenak besterik ez dira bertara iritsi, eta horiei loturiko proposamen gutxi jaso dira oposizioaren partetik. Esan daiteke, oro har, elkargune informatibo izatera mugatu dela. Pena da hori. Badago zer pentsatua", gaineratu du Udal Gobernuak.
Aurrera begira
Era berean, herritarren alde lanean segitzeko konpromisoa berretsi du Udal Gobernu taldeak: "Lanean jarraituko
dugu herritarrekin, oñatiarron mesedetan proposamenak lantzen. Besteren artean, oso emankorrak ari dira izaten
herriko komertzioetako kideekin, tabernariekin, ostalariekin, gastronomia elkarteko kideekin, eragileekin… izaten ari
garen bilerak. Oso eskertuta gaude haien jarrerarekin. Berdinean segituko dugu".