Beste dinamika bat izango du udako aukerak Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 29a, 12:10

Hainbat ume joan den urteko arte udalekuetan

Udaleku irekietan eta arte udalekuetan izena eman zuten umeek izango dute aukera udako zaintza hezitzailean parte hartzeko; ez dute ume gehiagorik hartuko. Norbaitek atzera egin gura badu, datorren astean egin behar du horretarako eskaera.

Udaleku irekiak, arte udalekuak eta uda kanpaina bertan behera gelditu dira, baina Udako zaintza hezitzailea aukera prestatzen ari da Udala, "egoerara eta beharretara egokitutako zerbitzua, segurtasuna bermatzea lortzen bada eta dekretuak eta jarrai-bideak kontuan hartuta".

Hainbat topagune

Zerbitzu hori ekainaren 29tik uztailaren 24ra eskainiko da, baina baditu aurreko urteetako udalekuekin alderatuz hainbat desberdintasun: batetik, taldeak txikiagoak izango dira; bost umeko taldeak egingo dituzte. Topalekua ere ez da gaztelekua izango, herriko gune ezberdinak baizik. Hau da, litekeena da taldeak San Lorentzon, Olakuan, Errekalden, Kale Zaharrean, plazan edo herriko beste edozein gunetan elkartzea; beti bezala, hori bai, elkartutako toki berean agurtuko dira goizeko jarduna egin ostean. Udako eskaintza hau ere goi-zetan egongo da, baina lau ordukoa izango da hirukoaren ordez: 09:00etatik 13:00etara. "Lehengo zaintza zerbitzua ez da egongo, baina kontziliazioari begira ere iruditu zaigu lau orduko jarduna eskaintzea lagungarria izango dela", dio Haur eta Gazteria zinegotziak, Iker Oñatek.

Udako zaintza hezitzaileak izango duen dinamika ez da aurreko urtekoen bera izango, eta dagoeneko ari dira izango den hori diseinatzen eta lantzen. "Erabiltzen den materiala, esaterako, ume askoren eskuetatik pasatzen da, eta, horrenbestez, ekintza batzuk ezingo dira betiko moduan, behintzat, egin. Oinherri elkartekoen laguntzarekin, adibidez, ari gara dina-mika berria prestatzen", gaineratu du Oñatek.

100 begiraletik gora

Begiraleen izen ematea astean itxi da eta 100 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Orain, umeen kopurua zehaztu gura dute. Udaleku irekirako eta arte udalekuetarako izena emandako umeen zerrenda hartuko dute; ez dute ume gehiagorik hartuko. Dena den, Oñatek azaldu duenez, argitaratzen diren dekretuek edo osasun-adituen jarraibideek kopurua mugatu beharra-edo ekar dezakete, eta gerta daiteke adin muga aldatzea.Izena emanda izan arren iritziz aldatuz gero, datorren astean egin behar da jakinarazpena, eta dirua bueltatuko da. Eskaerak HAZ bulegora joanda edo udal webgunean sartuta egin beharko dira. Zaintza zerbitzuaren kuota ordaindu dutenei ere bueltatuko diete diru kopuru hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak