Sandra Quelle: "Edozein egun da ona lehen pausoa emateko"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 23a, 09:44
Sandra Quelle oñatiarra

Sandra Quelle 'Happy Mondays' proiektuaren sortzailea da. Gustuko lana gustuko enpresan aurkitzen laguntzen duen proiektua da. Singapurren du egoitza, baina mundu osoan ditu bezeroak; online egiten dute lan.

Zortzi urte eta erdi darama Euskal Herritik kanpo Sandra Quellek (Oñati, 1987). Singapurren bizi da azken urteetan. Happy Mondays izeneko proiektua Singapurko onenen artean aukeratu dute hango aldizkari batean.

Ze proiektu da hori?

Norbera profesionalki ona den esparruko lanpostu bat topatzea, bere balioekin eta anbizioekin bat egiten duen enpresa batean. Horixe posible egiten saiatzen den proiektua da.

Lanera gustura joatea, alegia?

Batzuetan, pasatzen da egiten den lana gustatzea, baina ez enpresaren norabidea edo filosofia. Eta gu saiatzen gara biak uztartzen. Norberaren ongizatearen filosofia da gurea.

Nola hasi zinen horretan?

Esperientzia pertsonalagatik. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak egin nituen eta Londresera joan nintzen. Lana aurkitu nuen eta ikusten nuen ona nintzela egiten nuen horretan, emaitzak lortzen nituela, baina ez zen nik gura nuena, ez nengoen gustura, nahiz eta lan hura atsegin. Gehiagori ere berdina gertatu ahal zitzaiela pentsatuz hasi nintzen.

Nolako enpresa da?

Bakarrik hasi nintzen, eta egun, hiru gara, hiru emakume; ni Singapurren nago eta besteak, bat Brasilen eta bestea Ingalaterran. Distantziara egiten dugu lan, konektatuta.

Zeintzuk dira zuen bezeroak?

200 pertsonarekin baino gehiagorekin ari gara orain lanean; gehienak Europakoak, Australiakoak, Amerikakoak eta Asiakoak dira. Online egiten dugu lan. Konferentziak ere enpresa askotan ematen ditugu, telematikoki zein bertara joanda.

Lortzen duzue norberak gura duen lanpostua gustuko duen tokian aurkitzea?

Bai; arrakastaren portzentajea oso altua da, %80tik gorakoa.

Sari bat baino gehiago jaso ditu 'Happy Mondays' proiektuak.

Bai; badirudi bide onetik go-zela. Edozein egun da ona hasteko, lehen pausoa emateko.

Zer irakasgai atera duzu pandemia egoera honetatik?

Nola bizi garen pentsatzeko aukera eman digu egoera honek: dugunarekin gustura gauden edo ez, etxetik lan egin daitekeela ikusi dugu... Bakoitzak beretako onena zer izango den pentsatu behar du, eta hori lortzen saiatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak