Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko aukerak aurkeztu ditu Oñati Turismoak

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 18a, 10:18
Arrikrutz-Oñatiko kobak.

Oñati Turismoak bisita eta baliabide egokituak eskaini dizkie herritarrei Arrikrutz-Oñatiko Kobetan, eta Oñatiko Turismo Bulegoko Erdi Aroko San Migel Errotan. Helburua herritar guztiek –baita mugikortasun arazoak dituztenek ere– herriko "kulturaz gozatzeko" aukera izatea da.

"Dibertsifikazioa eta gizarteratzea" lelopean, 2020ko Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko gonbita egin die Oñati Turismoak herritarrei. Hainbat aukera dago, horien artean Arrikrutz-Oñatiko kobak ezagutzea eta bisita gidatuak egitea. Ibilbideak herritar guztientzako "egokitutakoak" direla azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.

Arrikrutz-Oñatiko kobak ikusteko, "ez dute arazorik izango" ikastetxe edota bestelako taldeetan mugikortasun arazoak dituzten bisitariek: "Natura-gune zoragarri baten kokatzen da proiektua, eta naturak jartzen dituen oztopoei aurre eginez, bisitak egokitzea da gure egitekoa". Kobetako interpretazio zentroa, ibilbide geologikoa eta 54 galeriako sarrerako  lehen gunea bistatzeko aukera dago, eta baita Arrikrutzeko “Tantaz Tanta” bideoa ikustekoa ere. 

Bisita gidatuei dagokienez, horietako baten abiapuntua Oñatiko Turismo Bulegoan kokatuta dagoen Erdi Aroko San Migel Errotako interpretazioa puntua da. Sustatzaileek esan dutenez, 2009an jarri zen martxan 'Oñati Guztiontzat' izenarekin. "Momentu honetan Oñati irisgarria deitzen diogu jendeak hobeto uler dezan", adierazi dute. Bisitaren helburua mugikortasun arazoak dituzten pertsonek herriko monumentuak "ezagutzea" dela diote, eskailerak eta bestelako barrera arkitektonikoak saihestuta: "Mugikortasun arazoak dituzten pertsonak eta taldean pertsona nagusiak duten familiak ere hurbiltzen dira. Arrapalak daude ezarrita adibidez unibertsitatean eta parrokian". Azaldu dutenez, talde mota ezberdinek parte hartu izan dute bisitetan: esklerosi anitza duten pertsonen elkarteak, ONCE, Gorren elkarteak, adimen urritasuna duten pertsonen elkarteak... "Bisita gidatu bakoitza taldearen beharrei moldatzen da mantsoago hitz eginez, lexikoa aldatuaz, gauzak detaile gehiagorekin azalduaz... Talde bakoitzak dituen beharren arabera", esan dute.

Txokolateixia interpretazio zentroa ere egokituta dago mugikortasun arazoak dituztenek bisitak egiteko, eta herriko panel informatiboak ere egokitu dituzte. Herriko puntu ezberdinetan, autobus geltokietan, Oñatiko Turismo Bulegoan, Arrikrutz-Oñatiko koban edota Bidaurretan, Oñatiko plano irisagarriak daude eta bertan, besteak beste, itsuentzako ibilbideak daude markatuta; braille sistema, 4 hizkuntza eta QR-ak deskargatzeko sistemarekin egokituta daude.

 Arantzazuko Santutegiak ematen dituen aukerak

Arantzazu Santutegia ikusteko ere bada beste modu bat, Oñati Turismoak gogorarazi duenez. Fatxadako ezker aldeko arkupeetan basilikara jaisteko igogailua dago, eta bestetik, 1.200 metroko pasealekua dago. Pasealekua "irisgarritasun unibertsalekoa dela azaldu dute; Arantzazuko Santutegia, frantziskotarrena den Gomiztegi baserria eta Artzain Eskolaren egoitza elkartzen dituen bidea da: "Adin guztietako eta edonolako murriztasun funtzionala duten pertsonendako egokia da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak