Etenda egon da aste batzuetan herriko kultura agenda, koronabirusaren krisiak eraginda, baina hartu dira egoera berria bueltatzeko lehen pausoak. Ekainerako eta uztailerako, hitzordu dezente ditu dagoeneko lotuta Udalak.
Doan, baina txartelarekin
Bi hilabete horietarako egindako egitarau propio bat izango da eta Esku(ltu)ra izena izango du. "Kultur hitzorduak dira eta horiek herritarren eskura jarri gura ditugu. Eta ideia horien hitz-jokoa da Esku(ltu)ra. Ezohiko egoera honetan ez da zuzeneko emankizunak egiteko aukerarik egon, auzoetako jai asko ere bertan behera gelditu edo egoerara egokituta ospatu dira. Eta horietan egin ahal ziren moduko ekintzak ere jaso ditugu egitarau honetan", dio Kultura zinegotziak, Iñaki Olaldek.
Besteak beste, musika, zinema, ikuskizuna eta umore saioa jasoko ditu egitarau horrek eta doan izango dira denak. Hala ere, sarrera hartu beharko da, edukiera kontrolatzeko. "Emankizun asko espazio irekietan egingo dira, baina hor ere plazak mugatuak izango dira, espazio itxietan moduan, eta hori sarreren bidez jakingo dugu. Kanpoko espazio horiek ere ondo neurtuta eta adierazita egongo dira, agertokia non jarri eta jendea non egon adierazteko, adibidez", azaldu du Olaldek. Txartelak online edo Txokolateixan jarriko dituzte eskuragai.
Eguaztenetik domekara
Egongo diren ekitaldien artean, adibidez, Amets Arzallusen hitzaldia da bat. Ekainaren 18an etorriko da, Miñan liburuarekin. Udal liburutegian egiteko asmoa zen hasieratik, baina, egoera berrira egokituta, zinema aretoan izango da. Musikari dagokionez, Ganbara abesbatza, Bizarro taldea eta Iker Lauroba eta Ainhoa Larrañaga bikotea aipatu daitezke. Bizarro taldearekin batera Oñatiko beste talde batek ere joko du, eta posible da kontzertu hori streaming bidez ematea gaztelekutik. Magia, bertso eta umore saio bana, aire libreko zinema emanaldia eta familian gozatzeko ikuskizuna ere egongo dira. Ekitaldiak eguaztenetik domekara bitartean izango dira; gehienak, 19:00etan.