Nora Ibarra: "Erne gaude eta lanean jarraitzen dugu"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 15a, 06:35
Nora Ibarra, San Martin egoitzako burua

Oraindik ez da COVID-19 kasu positiborik atzeman Oñatiko San Martin egoitzan. Prebentzio neurriak hartuta eta kasu positibo baten aurrean nola jokatu garbi dutela, konfinamendu-arintzea prestatzen ari dira Oñatiko adinekoen egoitzan. Gaitz horrek egunerokotasunean zer aldaketa ekarri dizkien azaldu du bertako buruak, Nora Ibarrak.

Zer moduz zaudete?

Ondo, denok gaude ondo.

Ze neurri berezi hartu dituzue?

Hainbat. Langileen segurtasun kontingentzia planean jaso ge-nituen neurri horiek. Martxoaren hasieran hasi zen talde bat hori lantzen: ile apaindegia eta kafetegia, esaterako, azkar itxi genituen. Arlo guztietan egin zen lanketa: espazioen eta pertsonen berrantolaketa egitea proposatu zen, eta sukaldariekin eta hondakinen kudeaketarekin bete beharreko protokoloak ezartzea.

Nola egin duzue espazioen eta pertsonen berrantolaketa hori?

Esaterako, gerokultoreak, osasun laguntzaileak, solairuetara mugatu ditugu. Eguneko zentroa itxita dago eta hango langileak adinekoen egoitzan daude orain, guri laguntzen. Langile guztiek maskarekin egiten dute lan. Bestalde, geletan aldaketa batzuk ere egin ditugu. Adibidez, gela bikoitzetan, osasun arazoren bat antzemanez gero bietako bati, senideei jakinarazten diegu eta isolamendu gelara eramaten dugu, proba guztiak egin arte. Negatibo emandakoan, euren gelara bueltatzen dira.

Eta zer egingo duzue kasu positibo bat gertatzen denean?

San Martin egoitzan lehen mojak bizi ziren espazioa hutsik dago oraindik, eta hori prestatu dugu horrelako egoerak heltzen direnerako. Hamabost gela daude, sukaldea, komunak, bestelako gelak eta bulego bat. Eta gune hori da egokitu duguna. Dena dago garbituta eta balia-bidez prestatuta positiboa emango duena artatzeko; zein langile joango diren ere zehaztuta dugu.

"Lehen mojak bizi ziren tokia prestatuta dugu kasu positiboak artatzeko"

Zertan aldatu du egoera honek egoiliarren egunerokotasuna?

Solairu ezberdinetako ekintzak ezin dira egin, adibidez. Solairu berean dauden egoiliarren artean ekintzak areagotu egin dira, eta euren arteko harremanak sustatu, isolamenduak sor ditzakeen egoera ezkorrak gutxitzeko eta buruko nahasmenek okerrera ez egiteko. Horrela, gimnasia, bingoa, egunkarien irakurketa... eta horrelakoak egiten ditugu. Bestalde, modu horretara, kasu positiboa egonez gero, lokalizatuta izango dugu eta hartu beharreko neurriak solairu horretako erabiltzaileekin hartuko genituzke.

Denok egin dituzue testak?

Bai. Egoiliar zein langile guztiok egin ditugu, eta emaitza guztiak negatiboak izan dira.

Eta nola antolatu dituzue senideen bisitak?

Hainbat fasetatik pasa dira familiakoen bisitak. Eten zituztenetik, hiru bide dituzte egoiliarrekin harremanetan egoteko: astero telefono dei bat egiteko aukera dute egoiliarrek, bideo-deiak egiteko bi gailu ditugu eta egunero erabiltzen dira deiak egiteko, eta, hirugarrenik, etxekoek egunero deitu ahal dute hona ordutegi baten barruan; hiru ordu goizetan eta hiru arratsaldeetan.

Bideo orokorrik ez duzue egin, baina bideo pribatuak bai, ezta?

Bai. Gizarte laguntzaileak egoiliarraren asteko deia aprobetxatzen du senideen urtebetetze egunak noiz diren galdetzeko, eta egun horretarako bideo bat prestatzen dugu egoiliarrarekin, senidearen urtebetetze egunean berari bidaltzeko. Bideo indibidualak eta pribatuak dira, zuzenean senideei bidaltzen dizkiegunak. Apirilean hasi ginen horrekin eta oso harrera ona izan du familien artean.

"Egindako hausnarketa, egoerara egokitzeko egon den gaitasuna eta langileen inplikazioa dira, nire ustez, gakoak, gauden egoerara ekarri gaituzten zutabeak"

Aurrez aurreko bisitak, noizko?

Ez dakigu; lehen fase honetan, behintzat, ez.

Zer diote egoiliarrek bizi dugun egoera honetaz?

Harrigarri ondo egokitu dira. Etsipen egunak ere izaten dituzte, bai, baina itxaropentsu daude etxekoak ikusteko.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Erne gaude, eta lanean jarraitzen. Orain, konfinamendu-arintzea prestatzen ari gara, nolakoa izango den pentsatzen eta horretarako hartu beharreko neurriak lantzen. Egindako hausnarketa faseak, egoerara egokitzeko egon den gaitasuna eta langileen inplikazioa dira, nire ustez, gakoak, gauden egoerara ekarri gaituzten zutabeak.

Egun, 77 egoiliar eta 67 langile daude San Martin egoitzan, zerbitzu osagarriak barne. Berez, 83 egoiliarrendako tokia dago, baina alarma egoeran ezin izan da pertsona gehiagorik hartu; erabaki instituzionala izan da hori. Ibarrak adierazi du adinekoek sendotasuna ari direla erakusten, beste behin, eta "momentu txarrei aurre egin behar" zaiela irakasten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak