Izaro Elorza izango da Aratz Losadaren azken elkarrizketatua

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 8a, 15:04

Izaro Elorza korrika Behobia-Donostia lasterketan

Azken zazpi astetan herriko kirolariak elkarrizketatu ditu Aratz Losadak zuzenean. Gaur egingo du azken saioa, 35.ena. Izaro Elorza alkatea izango da gonbidatua.

Konfinamendua hasi zenean, egunero, aste barruan, kirolari bat elkarrizketatzeko erronka hartu zuen Aratz Losadak, eta gaur egingo du azkena. "Izugarri polita izan da. Kirola aitzakia hartuta egin ditut elkarrizketa denak, baina gai askoren inguruan hitz egin dugu. Asko gozatu dut", adierazi du Losadak.

Alkateari gaur

Etxean kirolariekin solasean izena duen tarte horretan, saskibaloian, parapentean, gimnasia erritmikoan, korrika, futbolean, igerian eta bizikletan ibiltzen diren oñatiarrekin egon da. "Andoni Ugarte izan da kirolari profesional bakarra, beste denak kirola egitea gustatzen zaien oñatiarrak izan dira. Eta kirol kontuekin hasi ditugu elkarrizketa guztiak, baina egoera hau nola bizi duten, ze kezka dituzten edo bestelako kontuez ere hitz egin dugu. Aberasgarria izan da oso", dio Losadak. "Adibidez, batxilergoko bigarren maila ikasten ari denak selektibitateari eta geroko ikasketei lotutako kezkak azaldu ditu; ofizioz udaltzaina den batekin ere egon naiz eta egoera honetan egin duten lanaz berba egin dugu, edo eskubaloiko atezaina den erizain batekin ere egon naiz, eta ospitaletako egoera eta egunero ikusten dutenaz berba egin dugu", gaineratu du.

Eta horixe egingo du gaur, egubakoitza, Izaro Elorza alkatearekin ere. "Alkate izateko lana ahaztu barik, korrika egitea gustatzen zaiola badakit eta bi alaba ere baditu. Beste herritar bat da bera ere eta egunerokotasunaz berba egingo dugu", aurreratu du Aratz Losadak.

Aurreko guztiak bezala, ohiko ordutegian izango da elkarrizketa tartea, 20:05ean instagram-eko bere kontuan: @a3losada.

Eskerrak eman beharra

Aratz Losadak eskerrak eman gura ditu saio hau egiteko izan duen laguntza guztiagatik: "Gonbidatuek oso ondo hartu dute proposamena, herritar askok jarraitu dute saioa zuzenean -200 bataz beste- eta informazioa batzen eta galderak prestatzen ere lagundu didate askok. Oso eskertua nago denei".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak