Egunero kirolari batekin zuzenean egoteko erronka du Aratz Losadak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 1a, 11:11
Aratz Losada oñatiarra etxean martitzeneko saioa hasi baino minutu batzuk lehenago

Konfinamenduak irauten duen denborarako erronka bat jarri dio Aratz Losada oñatiarrak bere buruari: kirolaria den herritar bati elkarrizketa egitea, zuzenean.

Martxoaren 23an hasi zuen erronka eta zortzigarren kirolari oñatiarrarekin egongo da gaur, eguaztena; Ander Zabarterekin. "Kirola egitea gustuko duten herritarrekin egotea da asmoa, ez puntakoekin edo talde batera lotuta daudenekin bakarrik. Ainara Uribarrirekin, Andoni Ugarterekin eta Garazi Erostarberekin izan naiz, esaterako, baina gustatuko litzaidake, adibidez, bizikletan ibiltzea gustuko duen herritar batekin ere egotea, edo mendira sarri joaten den batekin", dio Oñati Irratiko kirol esatariak.

Ordu erdi inguruko elkarrizketa egiten dio kirolariari Losadak eta gonbidatuak proposatzen dio berari hurrengo kirolaria. Herritarren galderak ere jasotzen ditu elkarrizketatuari egiteko: "Aurretik zabaltzen dut aukera hori eta 15-20 bat galdera jasotzen ditut, gutxi gorabehera, herritarrengatik. Zuzeneko tartean ere heltzen dira galderak edo informazio osagarria, pasadizoak... Pozik nago".

Erronkak izan duen harrerarekin ere oso gustura eta pozik dagoela gaineratu du Losadak: "Bataz beste 175 lagun egoten dira konektatuta elkarrizketa jarraitzen. Oso pozik nago, bai".

Uribarri, Ugarte eta Erostarbe izan ziren lehen hirurak eta jarraian etorri ziren: Gaizka Irizar, Josune Odriozola, Argider Isasti eta Olatz Korkostegi. "Etxean egon behar garen sasoi honetan zer egiten duten kontatzen dute eurek. Gazteenak ia eurendako bakarrik dituzte eguneko ordu denak eta ordenagailuan edo kirola egiten pasatzen dute eguna, esaterako. Beste batzuk aldiz, umeak, telelana, kirola... denari eskaini behar denbora. Kirolariak dira, baina kirol helburuei baino euren egunerokotasunari buruz jakin gura dugu gehiago saio honetan".

Gaur, eguaztena, izango da zortzigarren gonbidatuaren txanda. Ohiko ordutegian: "Etxean kirolariekin solasean du izena tarteak eta astelehenetik egubakoitzera da 20:05ean, txaloen ostean, instagram-eko nire kontuan: @a3losada".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak