Astero egiten dute bilera koronabirusaren krisiari erantzuteko sortu den Neurri Berezien Mahaian eta gaurko bileran egin du proposamena EAJ-k. Alderdi jeltzalearen proposamena da foro bat sortzea eta hor, "elkarlanean", erabakiak eta neurriak hartzea kultura sektoreko herritarrei laguntzeko. "Guk hiru proposamen jaso ditugu, baina gehiago ere egon daitezke eta guztion ideiak guztion artean aztertzea eta erabakitzea gurako genuke foro horretan", esan du Ainhoa Galdosek.
EAJko proposatutako bideak hiru hauek dira:
- Herriko kultura-sormena (herriko talde txikiena) lagundu eta sustatu. "COVID 19ak sortutako egoeraren eraginez, herriko taldeek aurreikusita zituzten hainbat emanaldi bertan behera geratu dira eta, ondorioz, diru-iturri hori ere eten egin da. Emanaldi presentzialak oraindik ere martxan jarri ezin direnez, Udaletik emanaldi birtualak kontratatu eta oñatiarrei eskaintzeko partida sortzea".
- Kontratatutako emankizunei eutsi eta ordaindu. "Kontratatuta dauden emankizunak bertan behera utzi ordez, atzeratzea eta artistei bere lanaren ordainketa aurreratzea, diru-sarrerarik gabe gelditu diren momentu honetan jarduerari eusten laguntzeko".
- Oñatiko herriaren bereizgarri diren jaiak, jaialdiak eta kultura-ekitaldiak balioan jarri. "Bizi dugun egoera ez ohikoa eta biziko dugun normaltasun berria aintzat hartuta Oñatiko jai, jaialdi eta kultura-ekitaldiak birplanteatzea, beste modu batera bada ere ospatu ahal daitezen".