Axier Alonso: "Batzuetan luzaroko bakardadea gogorra egiten da"

Maialen Regueiro 2020ko mai. 4a, 16:59

Mendiko Euskal selekzioko eskiatzailea da Axier Alonso (Oñati, 1988) eta berrogeialdia nola daraman ematen du jakitera elkarrizketa honetan. Horrekin batera, oñatiarrak denboraldirako zehaztuta zituen helburuak zeintzuk ziren aipatzen du.

Nola daramazu berrogeialdia?
Hasiera gogorra izan zen. Martxoan helburu neuzkan, Altitoy-Ternua, Pierra Menta era Tour de Rutor bertan behera geratu ziren, eta horrek, frustrazioa eragin zidan. Bestalde, niretzat, ulertezina zen etxetik irteteko debekua, inorekin kontakturik eduki gabe mendira ezin joan, niretzako egunerokotasunean oso barneratuta daukadan zerbait delako. Baina egun batzuen buruan, txipa aldatu, eta egoerara ahal nuen ondoen egokitzen saiatu nintzen. Gaur egun ohitu egin naizela esango nuke, baina bakarrik bizi naiz, eta batzuetan, luzaroko bakardadea, gogorra egiten da.

Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Alde horretatik zortekoa naiz. Zinta eta arrabolan saioak egiteko aukera daukat, baina batez ere, indar eta core ariketak egiten nabil TRX, fitball, gomak... Ikaragarri eskertu beharrean nago Asier Arregiri, egunero, saio polit eta gogor bat jartzeko egiten duen lanagatik. Urtean zehar ez dut halakorik egiten, eta batez ere, gorputza indartuta bueltatu nahi dut.

Zein ziren aurtengorako zure helburuak?
Mendiko eskiari dagokionez, Altitoy, Pierra Menta eta Tour de Rutor ahal zen gehien gozatzea zen, eta ondoren, mendi lasterketen denboraldia lasaixeago
hartzeko asmoa neukan. Aloñako igoera, Zegama eta Camille Extreme neuzkan buruan, eta udako oporrak baliatuz, Kima (Italia) ondo egiteko gogotsu nengoen. Momentu honetan, buruan daukadan gauza bakarra, etxetik lasai irtetea da, inongo ardurarik izan gabe. Orain sinatuko nuke 2020 eta 2021 guztia lasterketa gabe, baina epe motzean dena ondo dagoela irten ahalko bagina.

Geldialdia gertatu arte egindako denboraldiarekin gustura amaitu al zenuen?
Bai ! Aurten mendi eskiko denboraldiaren aldeko apustua egin nuen, eta ikaragarri gozatu dut entrenamenduetan eta lasterketetan. Jokin Lizeagari esker oso indartsu sentitu naiz, eta Igor Alzelaik teknika eta sekretu danak erakutsi dizkit, nire maila onenean aritzeko. Bestalde, talde bikaina sortu dugu, eta horrela askoz errazagoa da gauzak ondo ateratzea.

Udararako zein asmorekin zenbiltzan?
Azken urtetan egin dudan moduan, furgonetarekin Alpeetara joateko asmoa neukan, mendiaz eta naturaz gozatzeko. Tartean, Kima lasterketa egiteko gogotsu nengoen! Momentuz hau ez da bertan behera geratu, baina zaila ikusten dut jokatzea, edo geuk, Euskal Herritik urteteko aukera izango dugunik. Dagoenera moldatuko naiz, mendiaz eta naturaz gozatzeko. Beste aukerarik ez dago!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak