Oñatiko udaltzainek ez dute aparteko kexarik herritarren portaerarekin

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 1a, 16:38

Iturriak prezintatu dituzte

Konfinamendua hasi zenetik herritarrak "oso ondo" ari direla portatzen dio udaltzainburuak, Idoia Lazpitak. Aste honetan ere, umeak ordubetez kalera irteteko baimena izanda, ez du-tela arau-hauste larririk sumatu esan du. Udaltzainak pozik daude egoera honen aurrean herritarrek duten jarrerarekin.

Idoia Lazpitak azaldu duenez, kontsulta eta dei asko izan dituzte udaltzainen bulegoan, umeekin kalera joateko bete behar diren neurrien inguruko zalantzak argitzeko. "Galdetu digute, adibidez, ea bizikletan atera daitezkeen familiako kide guztiak edo 200 metro gehiago egin ahal izango dituzten aita-jaun-amandreak ikusteko".

Kalean ikusi dituzten arau-hausteak ez direla larriak izan gaineratu du, eta ez direla asko izan: "Adibidez, plazako frontoian ikusi genituen bi familia eta umeak elkarrekin jolasten, eta hori ezin zela egin esan genien. Berdin familia bereko kide guztiak batera zihoazela konturatzean ere". Astean egin dute asteburuko gertaeren inguruko balorazioa, eta "uste baino askoz hobeto" joan zela dio Lazpitak. "Lan pedagogikoa egiten dugu. Ez dugu larritasun handiko egoerarik izan eta isunik ere ez dugu jarri".

Dekretuaren arabera, kirol guneetan oraindik ezin da jolastu, eta, udaltzainek frontoia jolasleku moduan hartzen badute ere, Olakuako kirol gunean, esaterako, ateak –porteriak– prezintatu egin dituzte, ez erabiltzeko. Baita iturriak ere. "Umeek asko erabiltzen dituzte, eta kutsadurak ekiditeko neurria izan da hori", dio udaltzainburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak