Xabi Lete: "Lanegunik galdu ez izanak arindu egiten du hau guztia"

Xabier Urtzelai 2020ko api. 25a, 20:12

Mendiko Euskal selekzioko lasterkari Xabi Leteri (Oñati, 1986) egindako elkarrizketa. Espainiako Kopako lasterketak egitea zuen buruan, eta baita Zegama-Aizkorri lehenengoz ere. 

Nola daramazu berrogeialdia?
Egia esan, hasieran kostatu egin zitzaidan txipa aldatzea, eta beraz, pixkat sufritu nuen. Baina bigarren astetik aurrera errazago eraman dut, eta azkenerako, bat ohitu egiten da. Lanean ere ia ez dugu egunik galdu eta horrek arindu egiten du egoera ezohiko hau. Azkenean, etxean egotea besterik ez da.

Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Berrogeialdian sartu ahala, berehala jabetu nintzen luze joan zitekeela hau dena, eta arrabola bat erosi nuen, eta horixe egiten dut ia egunero, arrabola, autokargak, indarreko ariketa batzuk, eta luzaketak.

Aurten, zein egutegi egiteko asmoa zeneukan?
Aurten, Euskal Selekzioarekin Espainiako Kopa egiteko aukera eman didate, eta jomugan kopako lasterketak nituen. Horiez gain, denboraldi hasieran pare bat lasterketa egin ditut, Antzuolako 8 Miliak eta UZ Trail. Uztailean, Pirinioetan, Vall d'Aran by UTMBn (Herrialde Katalanak, 55 kilometro) ere izena eman dut, eta oraindik mantentzen da. Udazkenean berriz, etxean, atzeratu den Aloñako Igoera, Gorbeia Suzien eta Leire Trail egiteko esperantzatxoa ere badaukat. Ikusi egin behar hau dena nola doan.

Ekainetik edo uztailetik aurrera zerbait jokatuko denaren esperantzik baduzu?
Hasieran banuen, baina denbora aurrera doa eta... Astero egoera zertxobait aldatuz doa. Ospitaleak libratzen diren neurrian, konfinamendua arinduz joango da, baina dirudienez oso poliki eta tentuz hartuko dira erabakiak, beraz lasterketek jende pilaketak ekartzen dituenez, ekainean edo uztailean banaka mendira joaten uzten badigute, pozik egoteko moduan geundeke.

Zeintzuk ziren 2020rako zure helburuak?

Espainiako Kopako lasterketak, eta bereziki lehenengoz egingo nuen Zegama-Aizkorri mendi Maratoia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak