Bonu sozialak atera ditu Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 25a, 08:36

Oñatiko udaletxea

Baliabide urriko pertsonek edo familiek herriko dendetan elikagaiak eta garbitasunerako produktuak erosi ahal izateko dira bonu hauek. Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskaera kopurua handitzen doala ere konturatu da Oñatiko Udala.

Udalak ateratako bonu sozial hauek dira baliabide gutxi dituzten pertsonek edo familiek elikagaiak eta garbitasunerako produktuak herriko dendetan eros ditzaten. 20.000 euroko igoera izan du halakoetara bideraturiko poltsak -50.000 euro daude orain-. "COVID-19aren eraginak ez dira ustekabean pasatzen ari. Besteak beste, okerrera doa zenbait herritarren egoera eta horien beharrak asetzeko neurri berriak hartu beharrean gaude. Horixe egiten gabiltza, beharrak identifikatzen eta laguntza berriak sortzen”, dira Izaro Elorza Oñatiko alkatearen hitzak.

Bonu horiek eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldaturik egon behar du eskatzaileak, bertan bizi beharra du eta familiak ezin dezake bestelako laguntzarik jaso.

Gizarte zerbitzuetako laguntzak indartu

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak gero eta gehiagok eskatzen dutela ere ikusi du Oñatiko Udalak eta beste diru kopuru bat bideratu du horra. Hala, indartu egin ditu gizarte zerbitzuetako laguntzak.

Gizarte bazterkeria egoerak prebenitzeko, saihesteko edo leuntzeko beharrezkoak diren gastu espezifikoei aurre egiteko behar beste baliabide ez duten pertsonek jasotzen dituzte laguntza horiek. Aldian-aldian ematen diren prestazio ekonomikoak dira, eta jasotzaileek edo haien familiako kideek eskura ditzaketen bestelako baliabideen edo prestazioen ordezkoa zein osagarria izan daiteke. Adibidez, etxebizitzako alokairuaren edo maileguaren zati bat edo etxebizitzaren mantenu gastuetarako erabiltzen dute.

Udalak jarritako diruarekin, 200.000 euro pasatxo daude poltsa horretan. "Eusko Jaurlaritzak 50.644 euro jarri zituen urte hasieran eta 35.230 euroko ekarpena egin du COVID-19aren testuinguruan -85.874 euro jarri ditu guztira-. Dena den, horrekin aski ez denez, aurten 119.556 euro jarri ditu Oñatiko Udalak, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen zati handiena, alegia. Guztira, 205.430 eurokoa da diru poltsa".

Udalak, bestalde, gogora ekarri gura izan ditu herritarrendako zabalik dauden informazio bideak:

  • Webgune berria (www.covid19laguntzak.siis.net). Gizarte alorreko laguntzei eta prestazio ekonomikoei buruzko informaziorako sarbidea errazteko (Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak (SIIS), Dokumentazio eta Ikerketa Zentroarekin lankidetzan)
  • Herriko gizarte zerbitzuen bulegoko telefono zenbakia eta e-posta helbidea: 943 037 700 eta
    ongizatea@onati.eus.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak