500.000 euroko diru poltsa sortu du Udalak merkatariendako eta ostalariendako

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 24a, 08:04

Ile apaindegia itxita Atzeko kalean

Oñatiko Udalak 500.000 euroko diru poltsa bat sortu du koronabirusaren krisiak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduetan eragindako kalteak "leundu" guran.

"Eusko Jaurlaritzak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduak laguntzeko behar moduko neurririk hartzen ez duela ikusita, iniziatiba hartu eta horiendako laguntzak bermatzeko diru poltsa sortu dugu", dio Izaro Elorza alkateak. Hala, "Eusko Jaurlaritzatik laguntzarik ez baletor, edo, etorritakoak, aski ez balira, laguntzak ziurtatzeko poltsa" sortu du Udalak. Hain zuzen ere, Neurri Ekonomikoen Mahaiak hartu duen erabakia da diru poltsa hori sortzea. Poltsa horri esker, konfinamendu neurrien ondorioz euren jarduera etenda dutenak, hamar langile baino gutxiago dituztenak eta pertsonei zuzenduriko zerbitzu edo produktuak eskaintzen dituzten negozioak lagunduko lituzke.

Hauek dira Udalak martxan jarriko lituzkeen laguntzak:

  • Argiaren faktura ordaintzen laguntzea: 68.000 euro.
  • Uraren faktura ordaintzen laguntzea: 29.000 euro.
  • Zabor tasak ordaintzea: 25.000 euro.
  • Herriko komertzioen aldeko sentsibilizazio kanpaina abiaraztea: 8.000 euro.
  • Bestelako kostu finkoei aurre egiten laguntzea: 220.000 euro.
  • Erosketa bonuen sistema indartzea: 150.000 eurotara igoko da laguntza poltsa, eta, horri esker, 750.000 euroko fakturazioa bermatuko da Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko negozioetan.

62.500 euro 'Kuttuna.org' egitasmoan

Bestalde, Kuttuna izeneko zerbitzua jarri du martxan Magnet kooperatibak; merkataritza eta zerbitzu txikietan erabiltzeko bonu txartelak erosteko web plataforma bat da. Apirileko lehen asteburuan egin zuten publiko aplikazioa. Eta Udalak bat egin du plataforma horrekin. Hasiera batean, 20.000 euro bideratuko ditu egitasmo horretara, herriko komertzio txikiak laguntzeko helburuarekin. Hau da, herritarrek erosiko dituzten bonuen zenbatekoaren %20 diruz lagunduko du Udalak.Baldintza batzuk ezarri dituzte; adibidez, bonua 200 eurora artekoa izatea. Hori horrela, erosleak 40 euroan eskuratuko luke50 euroko bonua; eta, 160 euroan 200ekoa. Bestalde, laguntza erosketa ezberdinetan banatu eta ahalik eta establezimendu kopuru handienera hel dadin, pertsonako 400 euroko muga ezarri da bonuak erosteko.

Udalak adierazi duen moduan, oso harrera ona izan du egitasmo horrek. Apirilaren 15ean batu zen Udala proiektura, eta, ordutik, eguazten iluntzean emandako datuen arabera, 62.500 euro eman dira bonutan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak