Egubakoitzean ikusi zuen Alberto Aierbek lur jausia eta berehala parte eman: "Leku urtsua da hori oso, erosionatzen egongo zen lehendik eta eztanda egin du orain. Handia da lur jausia, bai. Ostegunean gertatuko zen eta ostiralean oraindik mugimendua sentitu zitekeen".
Aierbek azaldu duen moduan Itzuriaga inguruan izan da, Andraitzeko lepotik Zegama aldera, eta Y baten kontrako itxura du egindako bideak, "kanalaren parean zabaldu egiten da". Gaineratu du Zegama-Aizkorri mendi maratoiko 35. eta 36. kilometro tartea aurretik eraman duela lur jausiak. "Aurten ez da lasterketarik egingo, urtebete gelditzen da oraindik hurrengorako. Badagoela denbora esan daiteke, baina lur asko erori da eta horrek denbora asko beharko du asentatzen. Ikusiko dugu ze eragin izan dezakeen mendi maratoiko ohiko ibilbidean", gaineratu du.
(Argazkiak eta bideoa: Alberto Aierbe).