Hamahiru milioi euroko gerakina utzi du 2019ak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 3a, 07:32

Oñatiko udaletxea

Hamahiru miloi euroko gerakina utzi du joan den urteko likidazioak, eta aurtengo gastuak eta inbertsioak berrantolatu ditu udal gobernuak. oposizioak kritikatu du ez diotela aukerarik eman parte hartzeko, eta "elkarlanerako borondatea" eskatu du.

Joan den urteko ekonomia ba-lantzea eginda, 2020ko gastuak eta inbertsioak berrantolatu ditu Udalak, eta, azken osoko bilkuran, martxoaren 26an, eztabaidatu zituzten. Hamahiru miloi euroko gerakina izan zen. Horietatik 8,3 aurtengo aurrekontuetako inbertsioetan martxan dauden azpiegituretara, proiektuetara, txertatuko dira: kiroldegira, Araozko ostatura eta Natur Eskolara. Kiroldegirako eskatu den mailegua ordaintzeko izango da zati bat, inbertsio berrietarako ere utzi dute miloi bat euro, gutxi gorabehera, eta beste 2,6 miloi ezer zehatzetara bideratu barik gelditu dira. "Badakigu urte berezia izango dela, Udalak sarrera txikiagoak izango dituela, eta ez dakigu egungo egoerak ze premia sor dezakeen gero. Eta horretarako izan ahal da kopuru hori, sor daitezkeen behar horietarako", azaldu du Soziekonomia batzordeburu Xabier Igartuak.

Urbieta pareko sarrera egokitu

Osoko bilkura egiteko egunari eta orduari eutsi arren, egoerak behartuta ez zuten osoko bilkuren aretoan egin, telematikoki baizik; modu horretara egin den lehen osoko bilkura izan da. Xabier Igartuak berak eman zuen gerakinaren eta diru horrekin egiteko asmoa dutenaren berri. "Aurrekontuetara txertatuko ditugun 8,3 milioi horiez gain, 785.000 kiroldegiko obrak ordaintzeko eskatu dugun mailegura bideratuko ditugu. Adostu genuen 2021ean hasiko ginela ordaintzen, baina iruditu zaigu hurrengo urteetako karga arintzen lagunduko duela aurtengoak. 1,2 miloi izango dira kreditu gehigarrietarako". Partida berriak sortzeko ere gorde dituzte 900.000 euro. Horien artean: Urbieta pareko sarreraren egokitzapenerako, udaletxeko ekipo informatikoak berrizteko, industrialdeetara bidegorria helarazteko eta Azkoagaingo lanei gehitzeko.

Oposizioaren kezka

Oposizioan dagoen EAJri "aurrekontuen oso gainetik" dagoen kopurua iruditzen zaio hori eta horietako proiektuetako batzuk aurrekontuetan zergatik ez zituzten sartu galdetu zuen bozeramaileak, Ainhoa Galdosek, kudeaketa aldetik "aurreikuspen eta planifikaziorik eza" leporatuz. Gastuen eta inbertsioen berrantolaketa horren berri ez eman izana ere leporatu zion oposizioak Udal Gobernuari. "Ez dugu aukerarik izan parte hartzeko, eta informaziorik ere ez dugu jaso. Non dago transparentzia?", galdetu zuen Galdosek. "Elkarlanerako borondatea" ere eskatu zuen. Anjel Biain jeltzaleak ere hitza hartu zuen bere "kezka" azaltzeko: "Gogo barik nago lanerako. Prozesu txarra izan da. Diruari dagokionez, ez genekien horrenbeste gelditu zenik. Hori gertatu da aurreko urtean egitekoak ziren inbertsio guztiak ez zirelako egin, eta norbaitek esan beharko luke zerbait horri buruz", gaineratu zuen. Izaro Elorza alkateak azaldu zuen aurrekontuak 2020ko sarrerak kontuan izanda egin zituztela, eta gero, likidazioan gelditu den gerakina kontuan hartuta egin dutela egokitzapena.

Eskertza eta doluminak

Koronabirusaren krisiak ekar dezakeen ondorio ekonomikoak arintzeko herritarren eskura jar daitezkeen laguntzen proposamenak aztertzekotan gelditu ziren udal ordezkariak.Bestalde, alarma egoera honetan herritarrek erakutsi duten ardura eta prestutasuna aipatu zituen alkateak, eta eskerrak eman zizkien herritarrei. Egoera honetan hil diren herritarren senideei doluminak helarazi zizkien denen izenean, ezin izan dituztelako ondo agurtu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak