Koronabirusaren krisia mundu osora hedatu den garai honetan, ezin ahaztu daitezke historian zehar mundua bortizki astindu dituzten bestelako izurriteak.
Jose Antonio Azpiazu historialari oñatiarrak 2011. urtean idatzi zuen Gaixotasun beltz hori. Euskal Herria hondatu zuen izurritea (1597-1600) izena daraman liburua, eta garai hartan gaixotasun beltza izenez ezaguna zen izurriteari buruzkoak biltzen ditu; idazlearen aburuz, gaur egun munduan gertatzen ari denarekin "antzekotasun gutxi" dituena. "Bizitzen ari garenak ez du zerikusi handirik izurrite harekin. Garaiak izugarri aldatu dira, eta gaur egun, zorionez, errekurtso gehiago ditugu", azaldu du.
Oñatiarren laurdena, hilik
Liburuan kontatzen duenez, 1597ko udako beroekin sartu zen –besteak beste– Oñatin izurritea, itsasoz: "Garai hartan, ogia egiteko garia itsasontzietan ekartzen zuten. Gariarekin arratoiak zeuden, eta arratoietan arkakusoak. Arropetan ezkutatuta etortzen ziren". Gauzak horrela, lepoan, besazpian eta izterrondoan arrautza neurriko buboiak agertu zitzaizkien oñatiar askori, koronabirusak eragindako sintomak baino "askoz larriagoak". Gaitza harrapatzen zuenak ez zuen bizpahiru egun baino gehiago irauten. "Pentsa, Oñatik zituen 5.000 biztanleetatik 1.300 inguru hil zituen gaixotasunak", dio. Are, izurriteak hil ez zituenak "gosez" hil zirela dio. Horren harira, Azpiazuk gogora ekarri gura izan du medikuntzak asko egin duela aurrera, eta, garai hartan ez bezala, egun badagoela "egoki elikatzen" jarraitzeko modua.
Konfinamendua, baserrietan
Izurrite beltza "oso kutsagarria" zen heinean, gaixoak "urrun" izaten saiatzen ziren: "Beldurra zabaldu zen herrian, aberatsek herrigunetik kanpoko euren baserrietara ihes egiten zuten, baina gainerako herritarrek han gelditu behar izaten zuten, ez baitzituzten beste inon onartzen". Bere aburuz, aste hauetako konfinamenduarekin alderatu daiteke, hein batean, ohitura hori.
Izurrite hura izan zen Oñatik "inoiz" jasandako pasadizo lazgarriena. "Koronabirusa beharrezko neurriak hartuta garaituko dugu", dio, itxaropentsu.