Gela berezi bat prestatu dute Oñatiko anbulatorioan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mar. 26a, 08:08
Oñatiko anbulatorioa

COVID-19 gaitzaren sintomak dituztenendako gela berezi bat prestatu dute Oñatiko anbulatorioan. Osasun zentrora medikuarekin txanda hartzeko deitzen duenari telefonoz deitzen diote eta egoeraren arabera lotzen dute kontsulta presentziala .

Herritarrak arduraz jokatzen ari direla dio osasun zentroko zuzendari Txaro Martinezek, benetako kezka dutenean eskatzen dutela medikuarekin egotea. Anbulatorioan, baina, protokoloa ezarrita dute eta herritarrak txanda hartzeko deitzen duenean, etxera deitzen diote bertatik handik gutxira, zer duen jakiteko. Telefono bidez egindako balorazioaren arabera erabakitzen dute medikuek herritar horrek anbulatoriora joan beharra duen edo ez. "Dena dela, hurrengo egunetan ere deitzen diogu etxera zelan dagoen jakiteko eta bere egoeraren jarraipena egiteko. Eta telefonozko balorazioan pentsatzen badugu anbulatoriora etorri eta hemen ikusi behar dugula, horrela egiten dugu", dio Martinezek.

Beharrezko analisiak

Anbulatorioko gela bat egokituta dute COVID-19 gaitza izan dezakeen herritarra artatzeko. "Gaitzaren sintomak dituen herritarrak hartzen ditugu gela horretan. Babestutako jantziekin eta materialekin lan egiten dute gela horretako osasun profesionalek eta eurek egiten dizkiete azterketak herritar horiei. Beharrezkoak ikusten dituzten analisiak ere hor egiten dizkiete", gaineratu du Oñatiko anbulatorioko zuzendariak.

Zerbitzuari dagokionez, Martinezek esan du ohiko zerbitzua ari direla eskaintzen anbulatorioan. "08:00etatik 20:00etara dago zabalik. Aldatzen den bakarra da egoera honetarako prestatu dugun gela berezi hori 15:00ak arte egongo dela bakarrik zabalik; 15:00etatik 08:00tara Arrasateko anbulatorioan hartuko dituzte gaitzaren sintomak dituzten oñatiarrak", zehaztu du. Goizetan analisiak egiten jarraitzen dute, baina "beharrezkoak bakarrik orain". Pediatria zerbitzua eta etxez etxekoak ohikoak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak