Hirugarren ingurumen beka deitu du Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mar. 18a, 10:34

Oñatiko Udalak 12.000 euroko beka emango du ingurumena ardatz hartuta egingo den ikerketa beka burutzeko. Gaia da nekazaritzaren zein abeltzaintzaren izaera multifuntzionala eusteko udalerrian gutxi erabiltzen diren nekazaritza lurren azterketa egitea. 2021eko abenduaren 31rako entregatu beharko du lana bekaren irabazleak.

Hauxe da hirugarren ingurumen bekarako aukeratu den gaia, zehatz: nekazaritzaren zein abeltzaintzaren izaera multifuntzionala eusteko helburuarekin (lurraldea eta paisaia kudeatzea, ingurumena babestea, animalia-arraza autoktonoak gordetzea eta nekazaritza-gizarte eta kulturari eustea) Udalaren lursail patrimonialen zein udalerrian gutxi egi erabiltzen edo utzita dauden nekazaritza lurren azterketa eta ekintzarako aukerak.

Interesatuek eskaria egiteko eskabide-orria Oñatiko udaletxean eskuratu behar dute eta epe barruan udaletxeko sarrera erregistroan aurkeztu eskatutako dokumentazioarekin batera. Tartean gaiaren azalpena eta lana zelan burutuko litzatekeen azaltzen duen memoria, ahalik eta zehatzena (15 orrialdekoa gehienez).

Bakarka edo taldean egin ahal izango da eta lan osoa entregatzeko epea da 2021eko abenduaren 31. Bitartean, Ingurumen Batzordeko teknikariak ikerketa lanaren jarraipena egingo du. Hala, bi hiletik behin bilera bat izango da, ikerketa lanaren jarraipena egiteko. Ikerketa lana hasi eta 12 hilabetera (edo urte bukaeran), memoria txosten bat aurkeztuko da.

Aurreko ingurumen bekan anfibioei eta narrastiei buruzko ikerketa egin zen. Energiaren ingurukoa izan zen beste beka, baina hutsik uztea erabaki zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak