Boluntario taldea sortu gura du Udalak herritarren zaintzarako, beharrezko gauzak erosi eta etxera eramateko, desplazamenduetan laguntzeko edo sor daitezkeen bestelako beharrei erantzuteko. Boluntario izateko prest dagoenak mezu bat bidali beharko du saretuz@onati.eus helbidera. Mezuan izen-abizenak, telefono zenbakia, helbidea eta zer behar dut?/ zer eskaini dezaket? galderak erantzun beharko dira. Astelehenean telefono zenbaki bat ere jarriko dute zeregin horretarako.
Hala, boluntario sarean izena emateko deia egin die herritarrei Udalak.
Gazte talde baten ekimena
Bestalde, Oñatiko gazte talde batek ere ekimen berdintsua jarri du abian. Erosketak edo bestelakoak egiteko euren zerbitzua eskaini dute, doakoa izango dena, noski. 691 831 072 eta 616 750 332 telefono zenbakiak jarri dituzte herritarren eskura.
Udal arduradunek Goienari azaldu diote euren asmoa dela gazte talde horrekin harremanetan jartzea elkarlanean egiteko lan.