Egoitza berriak itxiko dira bihartik aurrera
Covid-19 birusaren aurrean, prebentzio neurriak adosten jarraitzen du Oñatiko Udalak. Tartean, bihartik aurrera (zapatua), egoitza berriak ixteko erabakia hartu du: Natur Eskola, Turismo Bulegoa, Arrikrutz, Eltziako taberna eta Zubikoa kiroldegiko taberna. Horrenbestez, eguneratu egin da itxita dauden egoitzen zerrenda: Gaztelekua, Txaloka Udal Ludoteka, Zubikoako kiroldegia, kiroldegiko taberna, Eltziako kirol gunea, Eltziako taberna, Azkoagain futbol zelaia, Larrañako kirol gunea, kultura etxea, Santa Ana antzokia, Euskaltegia, Euskaldun Berria gela, Natur Eskola, Turismo Bulegoa eta Arrikrutz. Ostegunean jakinarazi bezala, bertan behera geratu edo atzeratu egingo dira aipaturiko egoitzetan datozen egunetan egitekoak ziren ekintzak, ikastaroak... Eta, behinik behin, mantendu egingo dira Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) eta Gizarte Zerbitzuak. Dena den, erabilgarri dauden udal zerbitzuak arduraz erabiltzeko eskatzen die udalak herritarrei -jende pilaketak saihesteko, etab.-
Gainerakoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik egindako gomendioak errespetatzeko deia egiten segitzen du Oñatiko Udalak, hala nola, jendetza batu dezaketen ekitaldiak edota espazioak saihestea; berehala egitekoak ez diren administrazio-tramiteak atzeratzea; edota, ahal den neurrian, tramiteak egiteko bide telematikoak erabiltzea. Gaiari loturiko erabaki, gomendio... berririk balego, berehala jakinaraziko luke udalak.