Leire Fernandez: "Letren alde linguistikoa bakarrik ikasten dugu"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mar. 11a, 10:36

Komunikazio bisualaren eta marketinaren sari nazionalen Urrezko Letra irabazi du Leire Fernandezek 'Iusioa eta zientzia EHun' lanagatik. Martxoaren 12an jasoko du saria, Bartzelonan.

Leire Fernandez eta Eduardo Herrera dira EHUko Letraz ikerketa taldeko kideak, diseinuan eta letra tipoetan adituak. Zientzia herritarrei gerturatzeko EHUk antolatutako ekitaldia landu duten moduagatik irabazi dute Urrezko Letra saria.

Zer da sari hau, Leire?

Komunikazio grafikoari eta komunikazio bisualaren esparruan emandako Espainia mailako saria da Urrezko Letra. Zilarrezkoa ere irabazi izan dugu beste urteren baten, eta aurten, urrezkoa eman digute.

Zuen zein lan izan da saritua?

EHUk, urtero, zientzia, berrikuntza eta teknologia herritarrei gerturatzeko helburuarekin, zientzia aste bat antolatzen du, eta hori iragartzeko egin dugu herritarrei gerturatzeko antolatzen duen zientzia astea. Dinosauroen ingurukoa izan zen urte baten, espazioari buruzkoa beste baten eta itsasoari buruzkoa ere egin dute. Guztietan hartu genuen parte; baita aurten ere. Komunikazio bisualari eta ilusioari buruzkoa izan da aurtengoa.

Eta zer egin duzue?

Adibidez, Bizkaia aretoko kristalera batean erakusketa moduko bat jarri genuen eta Bilboko metroko gune batzuk, Moyua edo Abanto geltokiak kasu, kolorez apaindu genituen. Ilusioaren inguruko tranpa moduko batzuk egin genituen hor. Erakutsi genuen nola begiek engainatzen gaituzten, adibidez, koloreekin eta formekin mugimendua emanez berez mugimendurik ez duten irudiei. Metroko eskaileretan, esaterako, koloretako zerrenda moduko batzuk jarri genituen, eta bertatik pasatzen zen hainbat herritarrek eskailerak oker ikusten zituzten zuzen ikusi ordez. Koloreak ere ezberdin ikusten dira inguruan dituzten beste koloreen arabera. Horrela, bihotz zuri batzuk jarri genituen, baina inguruko koloreen arabera, batzuek urdinak eta beste batzuek gorriak ikus-ten zituzten bihotzak. Biniloak ere jarri genituen anaformismo izeneko tranpak irudikatuz; hau da, lurra mugitu egiten den sentsazioa emanez.

Noiz jasoko duzue saria?

Martxoaren 12an, Bartzelonako Fira aretoan.

Irudiek eta hizkiek duten esanahia ikertzen ere adituak zarete.

Azken finean, ikerketa da Letraz elkartean egiten duguna. Irudi, forma, kolore edo letra bakoitzaren zergatia ikertzea gustatzen zaigu, eta denak batera egotearen arrazoia topatzea. Hori ez digute irakatsi eskolan. Txikitan, irakurtzen irakasten digutenean, letrak elkartu eta horiek ahoskatzen erakusten digute eta elkartuta zer esan gura duten. Ez digute erakusten hitz bera letra larriz edo letra txikiz idatzita egon esanahi ezberdina izan dezakeenik, edo letra tipo moderno batekin edo tradizional batekin idatzita egonda beste indar edo zentzu bat izan dezakeela hitz horrek. Arlo linguistikoa ikasten dugu bakarrik.

Eta ikertutako hori publikatu ere egiten duzue. Liburu bat baino gehiago dituzue dagoeneko.

Bai, hori da. EHUko mezua ere bada Eman eta zabal ezazu, eta horrela, zabaldu egiten dugu guk ikertzen duguna. Letra tipo bat ere egin dugu, esaterako, eta erabilgarri dago; ikusi dut, gainera, topaketa batzuetan letra tipo hori, eta poztu naiz.

Ikertzailea izateaz gainera, irakaslea ere bazara EHUko Arte Ederren Fakultatean. Zer moduzko sormena dute egungo gazteek?

Uste dut, orokorrean gertatzen den moduan, zaila egiten zaiela zerbait berria irudikatzea. Dagoenetik abiatzen dira, berria sortu barik. Pantailen aurrean lehengoek baino askoz ordu gehiago pasatzen dituzte, eta ez dakit arrazoia hori den edo ez, baina lehen sormen gehiago zegoen irudipena daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak