Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egitarau oparoa antolatu dute Oñatin. Gaur irekiko dute ekintzaz betetako asteburua; hain justu, Elkar Heziko ikasleek Gloria Fuertes idazlearen olerki bilduma oinarri hartuta antzerkia eskainiko dute, Setem elkartekoekin elkarlanean. 19:30ean izango da, Santa Anan, eta, adierazi dutenez, "genero berdintasuna" aldarrikatzeko eta emakumeek pairatu dezaketen edozein "eskubide urraketa" mota salatzeko igoko dira oholtza gainera, Andoni Salamero poetaren gidaritzapean. Emakumeek "esparru ezberdinetan" egiten duten lana atera nahi dute argitara.
Artisau azoka eta bazkaria
Bihar goizean, emakume artisauen azoka egingo dute plazan; 22 postu jarriko dituzte. Horrez gain, emakumeen bazkaria ere antolatu dute; Antixeneko gaztetxean izango da, eta txartelak Eltzian, Arranon eta Ongin eros daitezke –langileek 10 euro eta langabeek, 6 euroren truke–.
Domekan, performancea
Domekarako, ekintza gehiago antolatu dituzte. 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute Olakuan, eta gero, mokadutxoa jateko aukera egongo da Lagun Leku elkartekoen eskutik. 13:00etan, kontzentra-akzio erako performancea egingo dute plazan, Bortxatzailea zu zara koreografia dantzatuta. Haatik, zapatuan, bazkariaren ostean, egingo dute azken entsegua –aurretik bi egin dituzte–. Bazkaria ere egingo dute domekan, Olakua tabernan, Lagun Lekukoek antolatuta. Amantalak leihoetan eskegi eta besoko morea jartzeko dei egin dute emakume feministek.