Izaera propioa duen jaialdia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ots. 28a, 17:07

Hakima Flissi musikari bilbotarrak Lazarraga lorategian eskainiko du kontzertua. Argazkia: Iker Basterretxea.

Musikaren alde hurbila erakusteko asmoarekin 2018an abiatu zuten Oñatiko Beratu musika jaialdiaren hirugarren aldia egingo dute martxoaren 25etik 29ra; jatorri eta estilo ezberdinetako musikarien kontzertuak eta tailerrak izango dira guztiontzako aukeran.

Euskal Herriko musika jaialdi txikien zirkuituan leku bat egitea lortu du Oñatiko Beratu Musika Elkarteak, Udalaren eta herriko hainbat eragileen laguntzarekin, antolatzen duen jaialdiak. "Euskal Herrian sortzen diren musika ezberdinen topaleku bilakatu da", diote elkarteko kideek, zera gaineratuta: "Abiatu genuenetik hainbat euskal proiektuekin kolaboratzeko aukera izan dugu, besteak beste, Musik/Fem, Ahotsenea, UsoPop jaialdia, Jazpana jaialdia... Horiek guztiengatik jasotako esperientziari esker, aurten hirugarrena izango da; Beratu Musika Jaialdiak nortasun propioa osatu duela esan dezakegu".

Askotarikoak, toki askotan

Egiturari dagokionez hirugarrenak, oinarrian, aurrekoen bidetik jarraituko duela azaldu dute: "Programazioari dagokionez berrikuntzak izango diren arren asmoa bera da, hau da, herriko toki ezberdinetan, Oñatin normalean entzuten ez diren musika formatu eta musika estiloak eskaintzea; hori horrela, aurreko urteetako esperientzietatik ikasita, zapatu gauean ez dugu gaztelekuan orain arte moduan egitarauko kontzertu handiena egingo; gure asmoa, aurten, programazioko plater nagusia gauetik egunera ekartzea da".

"Ohikotasunetik ateratzen saiatu direla" diote antolatzaileek eta horregatik kontzertuez harago, bestelakoak eskainiko dituztela: "Joseba Irazokik, esa-terako, ez du ohiko emanaldirik egingo; harekin afari tematiko bat egitea proposatu diogu, eta oraindik zehazteko dugu izango dituen ezaugarriak. Tokiei dagokionez, protagonismo berezia izango du San Martingo ermitak, –aurten ez dugu San Lorentzoko ermitan egingo–, horrez gain, udaletxearen ondoan dagoen Lazarraga lorategian, Antixena gaztetxean, Santa Anan eta gaztelekuan, azken hori, lorategikoaren B plan moduan".

KONTZERTUAK, ZINE EMANALDIA ETA TAILERRAK, BESTEAK BESTE, AURTENGO BERATU JAIALDIAN

Filma zuzeneko musikarekin

Santa Ana antzokian zabalduko dute aurtengo egitaraua; pantaila handian Markak dokumentala eskainiko dute. Gernikaren bonbardaketari buruzkoa da, Hannot Mintegiak zuzendu eta Aitor Etxebarriak musikatu duena. Ez da, baina, ohiko zine proiekzio bat izango; izan ere, agertokian izango diren musi-kariek zuzenean eskainiko dute filmaren soinu banda.

Etxebarria musikaria birritan izango da aurten Oñatiko jaialdian; domekan Gaizka Isunzarekin (Audience) partekatuko du San Martingo ermitako emanaldia; hamabost urtez elektronikaren munduan jardun ostean bide berria hartu du gernikarrak, eta argitaratu berri duen Nihilism Part 1 lana da horren erakusle. Gaizka Isunzak ere eskarmentua du musikagintzan; askotariko musikariekin kolaboratu ostean, iaz kaleratu zuen bakarkako lehen lana. 2017ko Audience taldearekin izan zen Oñatiko musika jaialdian, eta oraingoan, bakarlari formatuan jardungo du.

Egubakoitzean, urtero moduan, gaztetxean izango da kontzertua; iazko Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen Bizkaiko Sua taldea eta Bartzelonako Los Sara Fontán bikotea –Sara Fontana biolin-jolea eta Edi Pou bateria-jolea– izango dira Antixenako agertokian. "Inprobisazioan oinarri-tutako emanaldiak egiten ditu-gu; guztiak dira aldakorrak eta intentsuak", azaldu du Fontanek.

Donibanetik eta Bilbotik

Donibane Lohitzuneko Möi Möi kolektiboaren Möi Möi Orkestra magikoa izango da zapatuan, San Martingo ermitan. "Baleapop jaialdia antolatzeaz gain, orkestra eta korua ere badute, eta elkarrekin, hainbat talderen bertsioekin osatutako saio ikusgarriak egiten dituzte". Jatorri eta estilo askotako musika nahasten dituen Bilboko Hakima Flissi gaztea domekan Lazarraga lorategian izango da, Dj Bravarekin batera. "Erritmo urbanoetaraino hurbilduko gaitu. Talentu handia du, eta horren erakusle da, jaialdi ezagunetan izan dela".

Musika inprobisazioa eta yoga

Beratu jaialdia arloko profesionalen eta musikazaleen topaleku izanik, askotariko tailerrak egin izan dituzte, eta oraingoan ere, hala egingo dute zapatu goizean, Los Sara Fontán bikotearen eskutik: "Musikariei eskainitako musika inprobisazio tailerra izango da, asmatu duten karta joko baten bitartez egingo dutena. Parte hartzaileei musi-ka tresna bat ekartzeko eskatuko diogu", azaldu dute antolatzaileek, eta zera gaineratu du Fontanek: "Bi zatitan banatuta izango da: lehenengoan, sinbolo-kartetan oinarritutako hizkuntza irakatsiko dugu, eta ondoren, ikasitako hori praktikan jarriko dugu, hau da, konposatzeko nola erabili ahal den ikusteko". Tai-lerra doan da, baina plaza mu-gatuak ditu, eta aurrez izena eman behar da, Beratujaialdia@gmail.com helbidera idatzita.

EKITALDI GUZTIAK ZABALIK DAUDE BAINA AURREZ IZENA EMAN BEHAR DA TAILERRETARAKO

Musikaren alde lasaigarria edo terapeutikoa baliatuta, Yoga musikatua saioa ere proposatu dute zapaturako: "Herriko Iñigo Ugarte eta Tommaso Galati musikarien laguntzarekin egingo dugu; gitarrarekin eta baxuarekin gidatutako bidaia sonikoa, mugimendu eta meditaziorako arnasketa kontzientea landuz. Eltzian egingo dugu, 10:30etik 11:45era, yoga klase dinamikoa izango da. Esperientzia dutenei zein hasiberriei zuzenduta dago, guztiok moldatzeko modukoa. Beharrezkoa ez bada ere bakoitzak bere esterila ekar dezake", diote antolatzaileek eta zera gaineratu du Ugarte musikariak: "Esperimentu polita da guretako. Ordenagailuko oinarri-perkusioak, eta gitarra eta baxua erabiliko ditugu, inprobisazio saio bat izango da guretako".

Doako saioa da, baina, aurrez izena eman behar da Beratujaialdia@gmail.com helbidean.

Egitaraua

Kontzertuak, zine emanaldia eta tailerrak izango dira hirugarren Beratu jaialdian.

MARTXOAK 25, EGUAZTENA

  • Zinema emanaldia Markak dokumentala zuzeneko musikarekin, Santa Ana antzokian, 19:00etan; sarrera 5 euro.

MARTXOAK 27, EGUBAKOITZA

  • Sua eta Los Sara Fontán taldeen kontzertua Antixena gaztetxean, 22:30ean; sarrera 5 euro.

MARTXOAK 28, ZAPATUA

  • Yoga musikatua saioa Tommaso Galati eta Iñigo Ugarte musikariekin, Eltzian, 10:30ean; doan.
  • Componer Jugando a cartas tailerra Los Sara Fontán bikotearekin, Eltzian, 11:00etatik 14:00etara; sarrera doan.
  • Möi Möi Orkestra magikoaren emanaldia San Martingo ermitan, 18:00etan; doan.
  • Joseba Irazokirekin afari tematikoa Eltzia tabernan, 21:30ean.

MARTXOAK 29, DOMEKA

  • Hakima Flissiren kontzertua Lazarraga lorategian, 12:30ean. Eguraldi txarra egiten badu gaztelekuan; doan.
  • Aitor Etxebarria eta Gaizka Isunzaren kontzertuak San Martingo ermitan, 18:00etan; sarrera 5 euro.

Ordaindu behar diren kontzertuetarako sarrerak aurrez Oñati.eus atarian eros daitezke. Ekitaldi guztiak zabalik daude baina tailerretan eta afari tematikoan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Beratujaialdia@gmail.com helbidera idatzita.

Sara Fontán (Biolin-jolea): "Eskertzekoak dira halako jaialdiak"

Hamaika urterekin biolina jotzen ikasten hasi, eta, harrezkero, ibilbide luzea egin du Sara Fontánek (Vigo, 1980).

Biolina da zure tresna, baina estilo klasikotik harago zoaz.

Nerabezaroan estilo asko ezagutu nituen eta oraindik ere klasikoa jotzen dudan arren, urteekin ikasi dut zuzenean biolinarekin lotuta ez dauden baina oso maite ditudan estiloetarako erabiltzen. Nire helburua ondo pasatzea eta gauza berriak probatzea da.

Edi Pou bateria-jolea duzu lagun; nor da?

Za! taldekoa da; talentu izugarria du, beti geldigor eta energia izugarriarekin.

Kontzertuaz gainera tailerra egingo duzue; ze asmorekin?

Jolasteko gogoz dauden musikariei eskainita dago, hizkuntza berriak ikasi eta tarte gozo bat partekatzeko asmoz; ez du jakinduria mailak inporta, elkarrekin sortzeko gogoak baizik. Sormen konfort-gunetik atera nahi dugu; jolasen bidez entzumena, intuizioa eta sormen kolektiboa sustatzeko helburuarekin.

Gogotsu zaudete Beratu jaialdira etortzeko?

Musika-komunitate bat ezagutzeko aukera ematen digu, eta oso pozik gaude! Eskertzekoa da egitarauan arriskatzen duten Beratu moduko jaialdiak egotea.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak