Jon Mestre Arzuaga (piano-jolea): "Bizipen hunkigarria eta aberasgarria izan da 'Prodigios' saioa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ots. 21a, 17:06
Jon Mestre Arzuaga, etxeko egongelan duen pianoa jotzen.

12 urte ditu Jon Mestre Arzuagak, baina heldu baten maila du pianoa jotzen; hala erakutsi zuen aurreko asteburuan TVE1 katean eskaini zuten Prodigios saioan.

Txiki-txikitatik erakutsi du Jon Mestrek musikarako abilezia handia duela, eta seguru horretan eragina izan duela aita –Jose Ramon– musikari profesionala izateak eta ama –Monika– ere garai baten abeslari egindako ibilbideak. Oñatiko Institutuan ikasten du, baina astean hamaika ordu egiten ditu pianoan entseatzen.

Musika tresnak izan dituzu txikitatik jostailu gustukoenak; noiz hasi zinen pianoa jotzen?

2 urte nituela hasi nintzen gurasoek oparitu zidaten plastikozko pianoa jolas moduan jotzen. Aita gitarra eta piano irakaslea dut, eta hark irakatsi zizkidan oinarrizko lehen pautak; diktaketak eta halako ariketak egiten zizkidan. Ganbara Txiki abesbatzan hasi nintzen, 3 urte nituela, eta orduan proposatu genion Miren Gurutze Plazaola zuzendariari nire irakaslea izateko. Bitxia izan zen egin genuen tratua: nire amak aleman eskolak ematen zizkion, eta trukean, berak niri pianokoak; garai hartan ez nintzen pianora heltzen eta irakaslearen altzoan jarrita jotzen nuen. Era berean, aitak ere irakasten zidan; Madrilen bizi da eta Skype bitartez egiten genituen piano-klaseak.

Harrezkero, goi mailako irakasle gehiago izan dituzu, eta gaur egun Gasteizera joaten zara astean behin.

Kubako ENA eskola garrantzitsuko Maria Dolores Novas piano-jole handiarekin hasi nintzen, 4 urte nituela, eta nire aitaren ikasle izan zen Iliana Ross kubatarrarekin 8 urte nituela, eta gaur egun Gasteizen bizi den Rossengana joaten naiz astero.

EGUNERO BI ORDU ETA ERDI JOTZEN DUT ETXEKO PIANOAN, ETA ASTEBURUETAN ERE BAI; BAINA OSO POZIK

Zenbat ordu egiten dituzu astean pianoa entseatzen?

Ordu eta erdiko eskola jasotzen dut astean behin Gasteizen, eta egunero, zapatua eta domeka barne, bi ordu eta erdi egiten ditut etxeko pianoaren aurrean; Prodigios telebista saiorako prestatzeko, gutxienez bost orduko entseguak egiten nituen.

Zur eta lur utzi zenituen saioko epaimahaikideak eta ikusleak; zelan sartu zinen abentura horretan, eta zelan joan zaizu?

Musikari lagun batzuen bitartez casting-aren berri izan zuen aitak, eta eskaera egin eta ekainean, 12 urte bete berri, egin nuen proba Madrilgo musika denda dotore batean. 200 lagunek baino gehiagok egin genuen proba hori eta bederatzi aukeratu zituzten; horien artean, ni. Telebistan aurreko asteburuan eskaini zuten arren, urrian grabatu genuen; zoritxarrez, ez nuen aurrera egiteko aukerarik izan.

Pozik bizitako esperientziarekin?

Jende oso jatorra ezagutu dut eta, orokorrean, asko ikasi dut, baina egia da saioan aurrera egingo ez nuela esan zidatenean, hasieran pena hartu nuela; izan ere, sekulako loreak bota zizkidaten epaileek, eta sorpresa izan zen gero epaia; hala ere, bizipen hunkigarria eta aberasgarria izan da niretzako eta nire gertukoendako; hortaz, irribarre batekin agurtu nituen saiokoak.

Musika lehiaketa gehiagotara aurkezteko asmorik baduzu?

Telebista saioetara ez dut uste, ez da gure helburua hori; ez, behintzat, momentuz. Hala ere, ez dut baztertzen piano lehiaketa gehiagotara aurkeztea.

Esku artean proiektu polit bat duzu; zer da hori?

Gazte orkestra batekin kontzertua egingo dut Madrilen maiatzean, eta ni piano-jole bakarlaria izango naiz. Sekulako ahalegina eskatzen dit, baina pozik eta gozatzen ari naiz lanean.

Etorkizunean musikari profesionala izatea duzu helburu?

Ofizioz, piano-jolea izan nahiko nuke, baina beste zerbait ikasteko asmoa ere badut, ez dakit oraindik zein alorretakoa. Paraleloki bi ikasketa egingo ditut, gaur egun ere hala ari naiz.

Jon Mestre, Monika Arzuaga amarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak