Mallako izei bat bota, eta hari-instrumentu bihurtu

Maialen Regueiro 2020ko ots. 21a, 13:35
Izeia moztu zuen taldea (Irudia: Bilboko Lutheria Eskola)

Bilboko Lutheria Eskolak izei bat moztu du Oñatin eta hari-instrumentuak egiteko erabiliko du. Proiektu honek hiru urteko iraupena izatea aurreikusten da eta XVIII. mendean instrumentuak egiteko erabiltzen zen prozesua erabiltzea da helburua.

Bilboko Lutheria Eskolak Mallan (Oñati) hazitako izei bat moztu du, gero hari-instrumentuak egiteko. Horretarako, Lutheria Eskolako hainbat ikasle eta irakasle, trontzalari bikote bat eta Imanol Artola Oñatiko basozaina Mallan izan ziren hilaren 14an, ilbehera zela aprobetxatuz. "Helburua da XVIII. mendean instrumentuak egiteko erabiltzen zen prozedura erabiltzea", aipatu du Ander Arroitajauregik, Lutheria Eskolako irakasleak. Izan ere, eskolako irakasleek betidanik izan dute buruan Euskal Herriko egurra erabiltzea.

Ohiturari eutsi

Oñatiko Udaleko eta Gipuzkoako Aldundiko baimenak lortzea izan zen lehen pausoa. Izeia mozten trontzalariak aritu ziren, garai bateko tradizioari jarraituz, eta hurrengo pausoa hura garbitzea dela adierazi du Arroitajauregik: "Garai batean, enborrak menditik errekara eramaten ziren eta handik itsasora, enborra garbitu zedin. Bada, enbor batzuk Azpeitiko Gaztekua errota-baserriko ubidean utzi ditugu, ur gezatan". Hemendik hilabete batzuetara, horiek atera eta Albaolara eramango dituzte ur gazitan sartzeko. Hilabete batzuk igaro ostean, ur gezetara eramango dituzte berriro, enborrei ur gazia kentzeko. Hurrengo pausoa enbor bakoitza konparatzea izango da, eta horren baitan sartzen da hainbat neurketa egitea. Arroitajauregik aipatu duenez, prozesu honek hiru urte iraun dezake, neurketak egiteko ezinbestekoa baita enborrak lehortzea.

Hari-instrumentuak

Arroitajauregik adierazi duenez, azken fasea hari-instrumentuak amaitzea izango da. Horrez gainera, azaldu du proiektua amaitzean, eta Oñatiko Udalarekin batera, erakustaldi bat antolatzeko asmoa dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak