Hans Jakob Christoffel von Grimmelshausen-ek 1668an idatzi zuen nobela pikareskoa da Simplicius Simplicissimus, Alemanian 1618tik 1648ra izan zen Hogeitamar urtetako gerraren izugarrikeriak umore klabean kontatzen dituena. Liburuaz gainera, gerrarteko kabaret baten izena ere izan zela azaldu dute Tartean Teatroako kideek: "Lan honen muinean gerrarteko Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink hiru komiko alemaniarren bizitza ikaragarri eta ederrak daude jasota. Hiru komiko horien historia nazien terrore eta kontzentrazio esparruekin estuki loturik dago; baina ez dugu naziei buruzko istorio bat kontatu nahi, ez kontzentrazio esparruei buruzkoa, eta ezta juduen arazoari buruzkorik ere. Benetako gertaera historikoen erreferentziak baztertu gabe, espazioaren eta denboraren mugak gainditzen ditu sortu dugun ikuskizunak".
Zuzeneko musikarekin
Simplicissimus kabaret ikuskizunak umorearen mugak aztertzen dituela gaineratu dute: "Omenaldi bat da euren lana askatasun osoz egin nahi izateagatik jazarpena sufritu eta sufritzen duten komikoei. Ez ditugu gertaerak kontatu nahi iraganeko pasadizoak balira bezala, berriro gertatu daitekeen zerbait bezala baizik. Umorearen inguruko ariketa bat izan nahi du gure ikuskizunak". Patxo Telleriak idatzi du gidoia eta hark zuzendu du gero ikuskizuna, eta, horrez gainera, taularen gainean dago Telleria. Puntako artista gazteekin osatu du lantalde artistikoa: Olatz Ganboa, Getari Etxegarai eta Adrian Garcia de los Ojos izango ditu lagun. Komediaren eta dramaren artean murgilduta antzezteaz gainera, dantza eta abestu ere egiten du laukoteak.
Labetik atera berria
Arriaga antzokian azaroan egin zuten aurrestreinaldia, eta otsailaren 13an Santurtzin abiatu zuten aretoetako bira; Donostian egin zituzten segidan bi emanaldi eta Oñatiko Santa Ana Antzokian egingo dute gaur, laugarrena; eta Barakaldon gaztelerazkoa estreinatu ondoren, Arrasaten euskarazkoa eskainiko dute martxoaren 15ean.