Herritar talde baten kezkatik abiatutako proiektua da Ingo Xonau! Emakumeen artean hika, noka, berba egiteko ohitura galtzen ari dela konturatuta, hori berreskuratzeko eta indartzeko gogoa duen talde batetik. Duela urtebete pasa hasi ziren proiektua martxan jartzen eta datorren abenduaren 14an, Santa Anan, egindako lana eta jasotako emaitzak aurkeztuko dituzte.
Landa-auzoetan
Udalaren laguntzarekin eta Ahotsak egitasmoaren gidaritzapean aritu dira. Lehenengo lana diagnosia egitea izan da: egun Oñatiko zenbat emakumek dakiten eta egiten duten hika. "Noka ez da oso ikus-erraza. Herrigunean ikustea zaila da eta baserri-auzoetara joan gara datuak jasotzera. Herriko hamasei landa-auzoetan egon gara. Hamahiru bat herritar ibili dira auzoz auzo hika hitz egiten duten emakumeak lokalizatzen, eurekin harremanetan jartzen, eta horrela joan gara sarea osatzen. Batzuetan, jakintza eta erabilpena ez doaz elkarrekin, eta dakitenak jaso ditugu guk gure diagnosian; 370 emakume baserritar. Elkarrizketatuen artean badira bederatzi kaletar", dio lanaren egileak, Idoia Etxeberriak.
Elkarrizketak eta tertulia
Elkarrizketak eta tertulia saioak ere egin dituzte. 54 herritar pasa dira kamera aurretik: 52 emakume eta bi gizon. "Tertulia saioetan, esaterako, gai baten inguruan jardun dute. Elkarrizketetan, berriz, beste ariketa batzuk ere egin ditugu; adibidez, inkesta moduko bat ere egin diegu, aditzak jasotzeko. Guk zuka esaldi bat esan, eta beraiek noka erabiliz nola esaten duten jaso dugu", zehaztu du Etxeberriak. Hitanoarekin zer esperientzia duten, kanpotik zer jaso duten, ondorengoei erakutsi dieten edo ez edo animaliekin nola berba egiten duten ere, adibidez, galdetu diete.
Belaunaldien etena
Noka zergatik galdu den edo emakumeen arteko hitanoak mutilen artekoak besteko era-bilera eta ibilbidea ez duen izan ere jaso dute txostenean. Elkarrizketatu dituzten herritarrei eurei galdetuta jaso dituzte arrazoietako asko. "Ondorioztatu dugun datuetako bat da oso estigmatizatua egon dela emakumeen artean hika berba egitea. Generoak badu hemen bere presentzia; gizonezkoen artean ondo ikusia egon arren, hizkuntzaren erabilera zatar moduan zegoen ulertuta emakumeen artean, emakumeak "finagoak" izan behar zirela eta zuka erabili, hika erabili ordez. Bestetik, oso eremu intimoetan erabili izan dute hika emakumeek; senideen artean edo konfiantza handiko lagunen artean. Elkarrizketatu ditugun batzuek esan digute, esaterako, etxekoekin bakarrik egiten dutela, senideen artean. Beste batzuek, berriz, landa eremuan soilik erabili izan dute; kalean, ez. Hitanoa baserri giroarekin egonda beti lotuta eta desprestigiatuta ere bai; are gehiago, emakumeen artean. Gizonezkoek izan dituzte beste eremu batzuk berba egiteko, kirola, soziedadeak eta fabrikak, esaterako, baina eremu horiek ez dira beti emakumeenak izan".
Belaunaldien artean egondako etena ere ikusi da jaso dituzten datuetan. "Auzoak husten joan dira, auzotarrak kalera joan dira. Eta kalera joan diren auzotar horien seme-alabek ez dute transmisio hori jaso. Belaunaldi horiek ez dute ikasi", dio Idoia Etxeberriak.
Abenduaren 14ko aurkezpena
Filologoak, irakasleak eta feministak daude, esaterako, proiektua martxan jarri dutenen artean. Urtearen hasieran hasi ziren jendea identifikatzen eta jardun libreko saioak eta bakarkako elkarrizketak egiten. Jaso duten material hori abenduaren 14an aurkeztuko dute, Santa Anan, 11:30ean. "Ingo Xonau! proiektuaren nondik norakoak azalduko ditugu, eta egindako ikerketak emandako datuak komentatu. Horrekin batera, hogei bat minutu irauten duen bideo bat ikusiko dugu, grabatu ditugun testigantzekin egindako ikus-entzunezkoa. Parte hartu duten herritarrei euren grabazioaren kopia bana emango diegu USB batean eta txapak ere banatuko ditugu. Ekitaldia irekia izango da, herritar guztiei zuzenduta, denak daude gonbidatuta", dio Etxeberriak.
Ekitaldia Santa Anan izango da, 11:30ean. Aurretik, baina, noka dakiten edo egiten duten herriko emakumeen argazkia atera gura dute. 11:00etan izango da hori, Lazarraga lorategian. Ahalik eta emakume gehien batzea gura dute.
----------
Idoia Etxeberria: "Aditz-taula atera eta ikastaroa antolatuko dugu, noka erabiltzeko"
Emakumeen arteko noka erabileraren gaineko diagnosia eginda, noka berreskuratzea da herritar talde honen helburua. Idoia Etxeberria oñatiarra da lanaren egilea.
Zer egingo duzue noka bultzatzeko?
Ikerketa egiteko egin ditugun tertuliak eta elkarrizketak www.ahotsak.eus webgunean daude jarrita; 400 bideo-pasarte inguru. Hori jasota dago.
Azaldu duzu aditzak jasotzeko ariketak ere egin dituzuela. Zer egiteko asmoa duzue horrekin?
Elkarrizketetan jasotako aditzekin, poltsikoan eramateko moduko aditz-taula edo liburuxka ateratzea da asmoa, erabiltzeko.
Ikastarorik antolatuko duzue?
Bai, badugu asmoa. Datorren udazkenean, Udalak antolatzen duen Jabetze Eskolaren barruan, emakumeei zuzendutako ikastaroa egitea da asmoa. Egon daitezke gehiago, baina lehenena emakumeendako bakarrik izatea da asmoa.
Orain herritar batzuk elkartzen zarete, tarteka, noka berba egiteko, ezta?
Bai, hori da. Tarteka elkartzen gara eta denbora horretan noka hitz egiten dugu. Gura duena batu daiteke taldera.
Zer-nolako harrera izan du orain arte egitasmoak?
Oso ona. Gure kezkaren berri eman genion Udalari eta berehala egin zuen bat ideiarekin. Lanerako ere prest egon dira herritarrak; auzoetan, jendea identifikatzen, esaterako, lan handia egin dute. Auzo guztietan oso ondo hartu gaituzte, baietz esan digute denek. Eskerrik beroenak parte hartu duten denei.