Oñatiko Txinparta bertso eskolak antolatutako bertsolari gazteen Dizdaitte sariketaren lehen saioa jokatu da gaur arratsaldean Oñatiko Pako tabernan. Maider Arregi oñatiarrak lortu ditu puntu gehien (300) eta zuzenean sailkatu da hilaren 29ko finalerako. Bere ondoren sailkatu dira: Eli Pagola (279 puntu), Joanes Illarregi (271,5 puntu), Jokin Bergara (268 puntu), Peru Abarrategi (263 puntu) eta Aitor Tatiegi (261 puntu).
Txinparta bertso eskolako kideak egin dituzte gai-jartzaile lanak eta bertsolari gazteek gai hauen inguruan egin behar izan dute bertsotan, besteak beste: presoen afera, greba, lan arloko gatazkak, 'coronavirus'-a, Oñatiko kintoak, herriko kiroldegi berritzeko egiten ari diren lanak eta feminismoa.
Lank, berriz, hauexek, hasierako eta amaiera agurrez gain: zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian, hiruna bertso. Bakarkako ariketetan, bertsolari bakoitzak bina punturi erantzun dio eta bakarkako bina bertso bota.
Bigarren saioa eta finala
Sariketako bigarren saioa hurrengo zapatuan izango da, otsailaren 15ean, 17:30ean, Oñatiko Ikatz tabernan. Beste sei bertsolarik hartuko dute parte: Maite Sarasola, Ane Zuazubizkar, Txaber Altube, Oihana Arana, Maddi Ane Txoperena eta Urko Arregi. Saio horretako irabazlea ere zuzenean pasako da finalera. Gainerako laurak, puntuazioaren arabera.
Finala, Antixena gaztetxean izango da otsailaren 29an, 19:00etan.