Bertsolari gazteak lehian Dizdaitte sariketa berrian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ots. 7a, 11:30
Aitor tatiegi eta Maider Arregi oñatiarrak eta Peru Abarrategi aramaioarra izango dira, besteak beste, biharko saioan.

Bi kanporaketa jokatuko dituzte: bihar, zapatua, Pako tabernan, 17:30ean hasita, eta otsailaren 15ean, Ikatz tabernan, bigarrena. Eta Antixena gaztetxean jokatuko dute finala, otsailaren 29an; ibarrekoez gain, Euskal Herriko toki askotakoak izango dira.

Txinparta bertso eskolako bertsolari gazteek Dizdaitte izeneko sariketa abiatuko dute bihar, zapatua. "Bertso berriak elkarri jarriak izeneko mikro-sariketa antolatu genuen orain dela urte batzuk, eta lehenengo esperimentu horren ondoren abiatu genuen Oñatiko bertsolariekin Txinparta sariketa gero, eta bihar, sariketa berria abiatuko dugu. Hau da, Euskal Herriko bertsolari gazteei zuzenduta dagoena".

Hamabi bertsolari izango dira lehiatzen, guztira, eta eskualdekoez gain, antolatzaile taldeko Gontzal Belategik azaldu du ahalegina egin dutela Euskal Herriko ordezkaritza zabala egoteko: "Sariketetan ohikoa izaten da lurralde guztietako parte hartzaileak izatea, eta gurean ere hala izatea nahi genuen; hortaz, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Iparraldeko eta Nafarroako ordezkariak izango dira. Guztiak bertsolari gazteak, baina eskarmentua dutenak, aldi berean. Debagoienekoei dagokienez, sei izango dira: Oñatiko Maider Arregi, Aitor Tatiegi eta Urko Arregi; Peru Abarrategi aramaioarra; Ane Zuazubiskar arrasatearra; eta Oihana Arana eskoriatzarra. Lurraldetasunaz gain, genero aldetik ere orekatua izatearen alde egin dugu".

Tabernetan eta gaztetxean

Bi kanporaketa egingo dituzte, seina bertsolarirekin bakoitzean. "Zalantza genuen tabernak halako saioetarako toki aproposak ote ziren, baina, publikoari gauzak errazte aldera, Pako eta Ikatz tabernetan egitea erabaki genuen, eta finala Antixena gaztetxean. Sarrera doakoa izango da".

Sariketetako, "ohiko ariketak" proposatuko dituzte Txinpartakoek: "Gaiak denetarikoak izango dira; eta ariketei dagokienez, honako hauek: agurra, zortziko handia eta zortziko txikia, hamarreko txikia, puntu-erantzunak eta bakarkakoa. Finalean, hamarreko txikiaren ordez sei puntuko motza sartuko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak