Anton Inza: "Pozten nau herritar asko Aloña Mendiko kide sentitzeak"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ots. 8a, 10:13

Anton Inza oñatiarra Aloña Mendi tabernaren aurrean eguazten eguerdian

Duela bi urte hartu zuen erretiroa lanean, eta orain, bere bizitzaren parte den elkartean hartuko du, Aloña Mendin, presidente berriari laguntzeko prest egongo den arren.

Anton Inza (Oñati, 1957) 33 urtez izan da Aloña Mendi kirol elkarteko presidentea, eta elkartean egingo diren berritasunekin batera utziko du kargua.

Futbola gustatu, baina eskubaloiari lotuta hasi zinen Aloña Mendin.

Bai. Lagunak eskubaloian ibiltzen ziren. Anjel Barrena, Juan Carlos Elorza eta Ernesto Igar-tua, esaterako, eta haien arrimuan sartu nintzen eskubaloiko zuzendaritzan. Herriko plazan jokatzen ziren eskubaloi partiduetan pegatinak jarri eta borondatea eskatzea izaten zen nire lanetako bat. Ateak Olaitturritik plazara eramatea eta horrelakoak.

Anton Inza elkartearen bulegoan, bilerak egiten dituzten gelan

1986an sartu zinen elkarteko zuzendaritzan, eta presidente kargua hartu zenuen. Nola?

Irakaslea izan naiz lanbidez eta 1984an Santurtzira bidali ninduten. Bi urte pasa nituen han, eta, bueltarako, Zubikoa kiroldegia eginda zegoen, igeriketa taldea ere sortzen, eta lagunak elkarteko postuetan sartuta. Xabier Infante 'Artza' ere kuadrillan ibiltzen hasi zen... Mugimendua zegoen orduan. Orduko zuzendaritzak ez zuen jarraitu gura eta 1986ko udako egun batean niregana etorri zen Enrike Zubiagirre, presidente izatea proposatuz. Baietz esan nuen, eta 33 urte pasa dira. Nirekin batera Luis Agirre eta Carlos Olalde 'Kalin' ere sartu ziren, baina denbora gutxi egin zuten haiek, futboleko sailean sartu ziren-eta buru-belarri. Anjel Barrena sartu zen gero, eta, hala, Zubiagirrek, Barrenak eta hirurok osatu genuen hirukotea.

John Benjamin Toshack futbol entrenatzailearekin

Eta nolakoa izan da agintaldia?

Gu hirurok taldekide izan gara, baina baita lagunak ere. Asko hitz egin dugu gure artean, eta erabakiak bulegoan zein kalean hartu ditugu. Hala ere, gu hirurok elkarteko zuzendaritzako kideak gara; gutaz gain, sail bakoitzeko ordezkari banak osatzen dute talde hori. Hamazazpi lagun, guztira. Hileko lehen eguenetan biltzen da batzar hori; sail bakoitzak bere egutegia eta funtzionatzeko modua du.

Zer lan egin behar ditu Aloña Mendiko presidenteak?

Aloña Mendi Kirol Elkarteko presidente izateak, egia esan, ez du aparteko lanik eskatzen, sail bakoitzak du bere zuzendaritza taldea eta bakoitzak bere kudeaketa, egutegia, proiektuak eta diru kontuak eramaten ditu. Ezer sinatu behar denean, Aloña Mendiko IFKrekin (CIF) zabaltzen den edozein kontu, adibidez, orduan presidenteak sinatu behar du eta ordezkari lanak egin behar direnean ere askotan bera joaten da. Sail batean gorabehera handiak egon badira, adibidez, orduan zuzendaritza sartzen da.

Gorabeherak daudenean, elkarri laguntzen diote sailek?

Diruaren banaketa egiten denean, esaterako, kontuan izaten dira sail bakoitzaren egoerak eta beharrak, bai.

Agintaldi luze honetan, zerk eman dizu buruko min handiena zeuri konkretuki?

Niri, tabernaren kudeaketak. Gure esparrua kirola izan da eta tabernak beste ardura batzuk ere eskatzen ditu eta ni kirol kontuetan hobeto moldatzen naiz, egia esan.

1987ko pilotako herriartekoan sariak ematen

Urtarrilean egindako urteko batzarrean, baina, beste bide bat ireki diozue gai horri, ezta?

Bai; SL bat sortzea erabaki da. Modu horretara, loteriaren lizentzia eta tabernaren ardura horrek hartuko du. Aloña Mendi elkartea izango da bazkide bakarra eta administrazio kontseiluan batzar orokorreko hiru kideak eta bi sailetako kide bana egongo dira; bost, guztira. Horrela, modu batera bananduta egongo dira bi zerbitzu horiek eta elkartea bera, bakoitza bere IFKrekin. Bestalde, elkarteak izaera publikoa izango du. Horrek guztiak, baina, eskatzen du ba-tzarra erregistratzea, eta ikusi dut oraintxe dela momentu egokia erretiroa hartu eta zuzendaritzan berriak sartzeko. Beste aldaketa bat da administrazio kontuak eramateko Ane Billar kontratatu dugula orain. Zarauzko elkartea hartu dugu eredu moduan.

Zein da elkartearen oinarria?

Oinarrian herriko kirolariak egotea izan da beti elkartearen filosofia. Adibidez, saskibaloian kanpokoak ekarri genituenean, emaitzak onak izan ziren, baina kantxa ez zen betetzen. Talderen batek kanpokoren bat behar badu, ekarriko da, baina oinarrian herrikoek egon behar dute. Bestalde, boluntario lana ere aipatu gura nuke. Lotura zuzena dutenez gain, herritar asko egoten dira gertu laguntzeko. Eta hori asko eskertzen da. Poz-ten nau ikusteak herritar asko sentitzen direla Aloña Mendiko kide. Herrian integratzeko bide bat badela ere uste dut.

Ezaugarri horiekin jarraitu beharko luke?

Nik uste dut baietz.

Nolakoa izan zen sorrera?

1949an sortu zen, futbol sailarekin bakarrik. Orduko armarrian baloia du txantxikuak hanketan. Baina Oñatin kirol asko egiten zen garai hartan eta 1967an taberna jarri zuten, eta han hasi zen elkartea sortzen talde ezberdinekin. Hurrengo pauso handia kiroldegia egitea izan zen; talde gehiago sortu ziren han. Horren aurretik, Gurian egiten zituzten batzarrak, eta taberna itxi zu-tenean han agertutako Aloña Mendiko paper batzuk ekarri zizkiguten, gurekin oroituta. Detaile polita izan zen.

Futbol taldea hirugarren mailara igo zenean, 1993-1994.

Kiroldegi berria ari dira egiten orain. Futbol zelai berririk, ordea, ez dago oraindik proiektuen artean.

Eta behar dela uste dut. Kirol instalazioetan egindako inbertsioetan pobre ibili da Oñati. Partxeak bai, baina benetako inbertsioak ez horrenbeste.

Bizi izan duzun unerik goxoena?

Egoitza inauguratu zen eguna, adibidez. Uste dut benetan asmatu zutela horrekin; hau da, sail guztiak toki berean elkartzeko moduko egoitza izatea. Ni sartu nintzenerako martxan zegoen proiektu hau. Gogoan dut egungo eraikinaz gain Kale Barriko beste eraikin bat zela esku artean izan zuten beste aukeretako bat, Egaña okindegiaren ondoan dagoen eraikina. Kirol mailan lortutako garaipenak ere pozgarriak izan dira.

Eta txarrenak?

Galdutako lagunak eta kideak.

Lanetik eta aisialditik erretiroa hartuta, zein plan dituzu orain?

Planak asko; bizikletan ibili eta egunero paseatzera joan, adibidez.

Gomendio berezirik bai presidente berriarendako?

Lasai egoteko eta ez beldurtzeko. Egun, hamalau sail ditu elkar-teak. Lan handiena sailek eurek egiten dute. Gainera, edozertan laguntzeko egongo gara gu.

(Argazkiak: Oihana Elortza eta Aloña Mendiko artxibo bilduma)

Aukeraketa prozesua

Aloña Mendi Kirol Elkarteko zuzendaritza nagusia berritzeko prozesua martxan dago. Hiru lagun berri sartuko dira: presidentea, diruzaina eta idazkaria. Zapatuan, hilak 8, da hautagaiak aurkezteko azken eguna, eta lerro hauek idatzi aurretik ez da inor aurkeztu. Horrela gertatuko balitz, inor aurkeztu ez, beste epe bat zabalduko da. Zuzendaritzan dauden hamazazpi lagunek hartuko dute lana presidente berria topatzeko. Izen batzuk badituzte dagoeneko esku artean, egoera hori gertatu daitekeela aurreikusita. Hala ere, gehiago egon daitezke, eta zuzendaritzak erabaki eta adostu beharko du. Hautagai bakarra aurkeztu edo zuzenean proposamena norbaiti egin eta hark onartu, ez da hauteskunderik egingo, horixe izango da elkarteko presidente berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak